donostia - Donostiako Udalak euskara ikastaroak eskainiko ditu beste behin ere hirian erroldatuta dauden langabetuentzat. 18 urtetik gorakoek eman dezakete izena irailaren 14ra arte eta eskolak urriaren 5ean hasi eta abenduaren 2an bukatuko dira. Ikastaro trinkoak izango dira, 120 ordukoak (egunean hiru ordu 10.30etik 13.45era) eta, hori bai, asistentzia derrigorrezkoa izango da. Interesa dutenek Donostiako euskaltegi homologatuetan eman dezakete izena edo donostiaeuskaraz.eus webgunean lor dezakete informazioa.
Miren Azkarate Euskara zinego-tziak atzo azaldu zuenez, ikastaro hauen helburua batetik euskaldun-tzea indartzea da eta, bestetik, ekonomikoki egoera okerragoa bizi dutenei laguntzea. Gainera, euskara maila hobetuz gero, “etorkizunean lanerako aukera gehiago ere” izango dituztela gaineratu zuen Azkaratek.
Iaz 148 lagunek hartu zuten parte ikastaro hauetan eta esperientzia positiboa izan zela nabarmendu zuen Euskara zinegotziak. Gainera, horietatik 42k gero euskaltegian jarraitzea erabaki zuten, “gustura eta motibatuta aritu ziren seinale”.
Iaz bezala, 11 edo 15 lagun inguruko taldeak osatzea da helburua eta guztira hamar bat talde osatu nahiko lituzkete. Horretarako, Udalak 38.000 euro bideratuko ditu. Aurreko urteko esperientzia kontuan hartuz, erdi mailako euskara ikasleak izango dira batik bat ikastaro hauetan parte hartuko dutenak, oinarrizko ezagutza badutenak eta erabileran aurrerapausoak eman nahi dituztenak.