zaldibia - Dagoeneko beharrezko material guztia jaso eta Alemaniako Wiesmoor herrira iritsita daude Zaldibiako Almitza sega elkarteko hainbat kide. Bertan jokatuko da asteburuan taldekako nazioarteko sega txapelketa eta goierritarrak txapelketan parte hartuko dute. Hain zuzen ere, Almitza elkarteko 13 segalari arituko dira bai bakarka eta baita taldeka ere. Guztira, baina, 200 segalaritik gora elkartuko dira Alemaniako lurretan. Almitzako kideek hainbat probetan parte hartuko due, hala nola, banaka azkartasun probak egingo dituzte, eta horrez gain, emakumezkoen mailan, gizonezkoetan eta 60 urtetik gorakoen mailan lehiatuko dira.
Gizonezkoen maila nagusiko kategorian Miel Mari Jauregi Altzo, Iñaki Izagirre, Xabier Mendizabal eta Urko Galarraga zaldibiarrek hartuko dute parte. Emakumezkoen maila nagusiko kategoriari dagokionez, berriz, Anttoni Irastorza eta Nekane Amondarain zaldibiarrak, Haizea Arruti itsasondoarra eta Ixabel Ansa aranoarra (Nafarroa) izango dira lehiatuko diren ordezkariak. 60 urtetik gorako gizonezko kategorian ere izango dituzte ordezkariak: Joakin Garmendia anoetarra, Koldo Arzelus tolosarra, Pako Txapartegi azpeitiarra, eta gizonezkoen maila nagusiko kategorian lehiakidea izango den Altzo Jauregi zaldibiarra ere arituko da. Era berean, txapelketaren barruan sartzen den Sega Pikatze Txapelketa Nagusia ere jokatuko da eta bertan 5 partaiderekin parte hartuko dute.
Asteazkenean abiatu ziren segalariak hiru furgonetatan eta atzo eguerdirako Holandan zeuden, Utrech hirian. “Garagardo bat har-tzen gaude orain, eta gauean iristea espero dugu”, azaldu zuen Garikoitz Llobregat elkarteko kideak. Haren hitzetan, espero dutena “irabaztea da”, baina ondo pasatzea ere badute helburu. - M.A.