Síguenos en redes sociales:

Zilar eta urrezko ezteiak Azpeitian

Alkartasuna eta Zezenzaleak konpainiek 50 urte beteko dituzte aurten, eta Sanjuandegik eta Zokoak, berriz, 25. Omenaldi berezia jasoko dute lau taldeek San Sebastian bezperan.

Zilar eta urrezko ezteiak Azpeitian

Azpeitiarrentzat ez dago San Sebastian bezalako egunik, eta datorren urtarrilaren 20a are bereziago izango da Alkartasuna, Zezenzaleak, Sanjuandegi eta Zokoa konpainientzat. Izan ere, lau taldeak omenduak izango dira San Sebastian bezperan; Alkartasuna eta Zezenzaleak taldeek 50 urte betetzen dituztelako, eta Sanjuandegik eta Zokoak, berriz, 25.

Jabier Etxaniz Zokoa taldeko zuzendaria da konpainia sortu zenetik eta osasuna duen bitartean hala jarraituko duela dio: “Azpeitiarra naiz eta egun hau oso errotuta daukat. Hamabost urte nituenetik atera izan naiz danborradan, eta Zokoaren lehen egunetik nago zuzendari gisa”. Baina 25 urte hauek “tximista baino azkarrago” pasatu direla iruditzen zaio. Aurten ere gogo handiz gidatuko ditu eskoziarrez jantzitako 50 kideak, eta 25 urte betetzen dituztenez, garai hartan egin zuten moduan argazki bat aterako dute elkarrekin.

Eta San Sebastian bezpera iritsi baino lehen ospakizun berezia egingo duten elkarteak ere badira; Alkartasuna eta Sanjuandegi, adibidez. Alkartasunekoek joan den ostiralean afari bat egin zuten danborrero zaharrekin, eta Sanjuandegikoek, berriz, gaur bertan emango diote hasiera jai giroari. Hala, Loiolabide Zahar konpainiak eta Azpeitiko musika bandak lagunduta, Sanjuandegi auzoa girotuko dute 12.30etik aurrera, eta ondoren bazkaria eta taldearen argazkia aterako dute.

Sanjuandegi taldea, Zokoarekin batera, 1992 urtean atera zen lehen aldiz danborradan eta Juan Pajuelok, Sanjuandegiko sortzaileak, hasiera gogorra izan zela gogora-tzen du: “Milioi bat pezeta baino gehiago balio zuten trajeak eta gogorra izan zen hasiera. Dena den, ideia argi bat genuen: gastu guztiak Azpeitian geratzea, eta horrela izan da 25 urte hauetan”. Guztira, 45 kidek osatzen dute Sanjuandegi taldea, eta Pajuelo sor-tzaile izateaz gain, urtero danborra jotzen ateratzen da.

Karlos Iriarte 1978ean hasi zen danborradan ateratzen, eta duela zazpi urtetatik Alkartasuna taldea zuzentzen du: “Eguna iristeko gogoz eta pozik gaude; izan ere, azpeitiarrentzat oso egun eta festa garran-tzitsua da”. Eskoziarrez jantzitako 60 kideak San Sebastian bezperan “ilusioz” joko dute danborra, baina hurrengo egunean ere izango dute beren protagonismoa. “San Sebastian egunean ere danborra joko dugu, eta beste bost talderekin batera bandera jaitsieran egongo gara”, zehazten du Iriartek.

Zezenzaleak taldeak ere, 40 bazkidek osatua, 50. urteurrena du aurtengoa eta Joxerra Larrañaga zuzendariak dioenez, “ez dugu sinisten 50 urte betetzen ditugunik, eta omenaldia jaso behar luketeenak, zoritxarrez, ez ditugu gure artean”.

Duela 20 urtetik da Larrañaga zuzendari, baina bera oraindik ere danborjole sentitzen da: “Kasualidadez naiz zuzendari, ordezkapen bat egiteko hasi nintzen eta. Txikitatik danborra jo izan dut eta oraindik danborjole sentitzen naiz. Ordezkapen hori luze suertatzen ari da, baina gorputzak agintzen duen arte jarraituko dut”.

Zalantzarik gabe alaitasunez beteriko uneak biziko dituzte talde guztiek, baina denek desio bat dute: eguraldi ona egitea. Baina euria egin ala ez, emozioa eta poza izango dira nagusi 24 ordu horietan.