donostia - Hip, hip, Urri! ekimenak aurten ere urrian zehar familiarekin kulturaz eta aisialdiaz gozatzeko eskaintza egingo du eta, lehenengo aldiz, Donostian ez ezik Goierrin ere antolatuko ditu ekin-tzak datorren hilabeteko asteburuetan. Ekimenaren hirugarren edizioa da aurtengoa eta ekitaldiak aurkezteko arduradunak Amara Berri eta Ekintzako ikasleak izan ziren atzo, Donostiako osoko bilkuren aretoan eta zinegotzien aurrean.
Gaztetxoek iazko ekintzetan parte hartu zuten (6.000 pertsona inguru erakarri zituzten iaz) eta ikasturtean zehar Hip hip, Urri! programa landu dute, aurtengo egitaraua osatzeko lanetan. “Prozesu luzea izan da baina oso ondo pasatu dugu”, aitortu zuten Amara Berriko ordezkariek.
Atzoko ekitaldian gaztetxoek hartu zuten hitza Eneko Goia alkatearen agurraren ondoren. Txirula jo zuten eta dantza ikuskizuna ere eskaini zuten ikasleek. Zinegotziek, berriz, urriko kultur jardueren gaineko liburuxka banatu zieten (hiriko ikastetxeetan ere banatu da).
Hip hip Urri! Europako October Children’s Month programan oinarrituta dago eta helburua da familian elkarrekin kulturaz gozatzea. Horrenbestez, egitarauak hainbat erakunde, museo eta kultur guneetako eskaintza zabala biltzen du, hain zuzen ere, sei eta hamalau urte bitarteko haurrei eta haien familiei zuzendutako eskaintza. - A.Z.