Koxk! festaren pintxoak, sagardoa eta giroa zain Intxaurrondon
Sukaldaritza erakusketak, lehiaketak, jolasak eta afari herrikoia ere izango dira egun osoan zehar
donostia - Gastronomia eta elkartasunaren festa izango da Intxaurrondoko Bernart Etxepare eta Gabriel Celaya plazetan gaur, Koxk! festaren bigarren edizioa ospatuko baita.
Goizeko 11.00etan hasiko da Juan Mari Arzak Idiazabal Gazta Lehiaketa, jatorri izendapena duten gazten artean. Ondoren, 11.30ean, festaren irekiera ofiziala egingo dute, erakundeetako ordezkariekin, eta ordu erdi beranduago sukaldarien erakustaldiak jarriko dira martxan Gabriel Celaya plazan. Lau sukaldari handi arituko dira euren errezetak zuzenean prestatu eta bertaratutakoei azaltzen: Bailara eta Txoko Getaria jatetxeetako Enrique Fleischmann, Aratz Erretegiko Xabier Zabaleta, Arzak jatetxeko Elena Arzak eta Zeruko Tabernako Joxean Calvo.
12.30ean pintxoaren kilometroa eta produktu azoka zabalduko dira eta parte hartu duten Gipuzkoako taberna eta jatetxeek pintxoak eskainiko dituzte, euro baten truke. Inguruko tabernek ere bat egin dute festarekin eta pintxoak eskainiko dituzte.
Arratsaldean, 18.00etatik aurrera, sagardo egunaren txanda izango da, bakailao tortilla pintxoekin lagunduta, eta afari herrikoia ere egongo da gauean.
Etiopian garatzen ari diren Zaporeak proiektuaren baitan kokatzen da festa, bertan sukaldaritza eskola bat sortzeko helburua duena. - N.G.