Objektuak trukatu eta zerbitzu hornitzaile etikoagoak gomendatzeko gune bihurtuko da Cristina Enea parkea hilabetero AldaTú ekimenaren bidez. Elkartasuna eta jasangarritasuna bultzatzeko helburuarekin topaleku bat sortu nahi izan du Cristina Enea Fundazioak, Truke eta Mecambio Interneteko plataformekin elkarlanean.
Hilabetero bigarren igandean egingo dute hitzordua, goizez. 11.00etatik aurrera herritarrek trukatzeko eramaten dituzten objektuak jasoko dira (Truke plataformakoek kudeatuta) eta ondoren Mecambio ekimeneko ordezkariek informazio saioa eskainiko dute, hainbat zerbitzuetako hornitzaileen inguruan. Lehen saioa informatiboa izango da, baina hortik aurrera parte-hartzaileen arteko solasaldia izatea espero dute, bakoitzak bere esperientzia besteei azaltzeko. 12.00etatik aurrera objektuak trukatzeko aukera egongo da eta pintxo-potea ere bai, girotzeko. Gainera, goiz osoan zehar umeek margotzeko edo jolasteko gune bat izango dute.
Lehen hitzorduan etxeko objektuak eta baxera edo ontziteria aldatzeko aukera izango da; bigarrenean (ekainaren 14an), diskak eta liburuak; eta hirugarrenean (uztailaren 12an), jostailu eta jolasak. Irailetik aurrera hitzorduek jarraituko dute eta parte-hartzaileen erantzunaren eta eskariaren arabera erabakiko dute zein motako objektuak trukatu egun bakoitzean.
erabaki txikiak “Erabaki txikien balioa aldarrikatu nahi dugu kon-tsumo eta ekoizpen sistema bidezkoagoak lortzeko transizioan, transizio hori posible delako”, nabarmendu zuen atzo AldaTúren aurkezpenean Cristina Enea Fundazioko Manu Gonzálezek. Helburu bera du Truke (truke.eu) ekimenak: Interneten bidez, bigarren eskuko objektuen salerosketa eta trukaketa bilatzen du kontsumo ohiturak aldatzeko helburuarekin. Mecambio plataformak (mecambio.net), bere aldetik, batez ere bankaren alorrean, energiaren alorrean eta komunikazioaren alorrean hornitzaile etikoagoak gomendatzen dizkie herritarrei.
Orain artean bi ekimenek Interneten bidez egin dute lan eta AldaTúk interesa duten herritarrekin modu presentzialean aritzeko aukera emango die. Ohiturak aldatzeko garaian, zuzeneko harremanak lagunduko diela uste dute bi elkarteek.
Aurrez izena ematea eskatzen badute ere (bilduko direnen beharren eta interesen aurreikuspena egiteko), parte- hartzea doakoa eta librea izango da. Eguraldiak laguntzen badu, hitzorduak Egiako Cristina Enea parkeko zelaietan egingo dituzte. Hala ez bada, Fundazioko egoitzan izango dira saioak.