Gaur zabalduko da Zizurkilgo Gaztezulo
Bi urtez itxita egon ondoren, berriz ere martxan izango da 9 urtetik 17 urtera bitarteko zerbitzua Atxulondon
Zizurkil - Bi urteko etenaren ondotik, gaur irekiko ditu berriro ateak Gaztezulo zerbitzu berriak. Inaugurazio ekitaldia 16.30ean izango da eta areto berria Atxulondo tabernaren ondoan dago, Joxe Arregi plazan.
Gazteek denetarik aurkituko dute bertan: jolasak, pinpon-mahaia, ordenagailuak, lagunekin lasai egoteko txokoa, telebista... Izaskun Sarasola hezitzailearen laguntzaz, hainbat ekintza egiteko aukera ere izango dute.
Modu honetan, 9 urtetik 17 urtera bitarteko gaztetxoentzat zabalduko da zerbitzua hasiera batean. Gaurtik aurrera, 9-11 urtekoen ordutegia astearte eta ostegunetan 16.30etik 19.30era izango da eta 12-17 urte artekoena, berriz, ostiraletan 17.00etatik 20.00etara eta larunbatetan 16.30etik 19.30era. - M.S.S.