Usurbil - Erle Lagunak taldeak eta Usurbilgo Udalak antolatuta, bihar XVI. Erle Eguna ospatuko da. Ekitaldiak goizean goiz hasiko dira, bazkal ordura arte luzatuko dira eta gehien-gehienak Usurbilgo frontoian burutuko dira.
Honela, 9.00etatik 10.00etara ezti eta gozogintza bilketa egingo da. Ondoren, ezti kata gidatu batean parte hartzeko aukera egongo da eta eztia nola ateratzen den ere erakutsiko dute.
11.00etan salmenta postuak zabalduko dituzte eta erakusketak (erleak, eztia, ontziratzeko prozesua...) ere ordu horretan irekiko dira. Marrazki lehiaketa deituko da eta Sutegi kultur etxean bideo erakustaldia egongo da. Frontoia eta inguruak txistularien doinuekin girotuko dira.
13.30ean, sari banaketekin hasiko dira. Orduan jakingo dira ezti lehiaketako, gozogintzako eta marrazki lehiaketako irabazleak. Gainera, ezti lehiaketan irabazleak suertatzen diren eztiekin errifak salgai izango dira eta zozketa eguerdian egingo da. Bestalde, aurten sorpresa bat egongo dela iragarri dute.
Egunarekin amaitzeko, 14.30ean bazkaria egongo da Artzabalen. Frontoian izango dira tiketak salgai.
kIzkia Bihar ere Usurbilen Kizki Eguna ospatuko da. Seigarren edizio honetan 12.30ean Sagardo Egunaren Lagunak elkarteak gaur egungo marka gainditu eta 440 kizki-lagun biltzea izango du erronka.
Ohiko bihurtzen ari denez, urtetik urtera Kizki Egunarekin bat egiten ari dira eskualdeko udalerriak, eta bide horretatik kizkiarekin sagarrak aldi berean biltzeko saioak ari dira antolatzen, herritar parte-hartzearen inguruko marka ezarri nahian.
Proiektu honek 2009an du sorburua, urte horretan eman baitzion hasiera saio original horri Astigarragako Goldea elkarteak, sagardoaren inguruko gizarte eta kultur jarduera sustatzeko helburuarekin.
Astigarragan egin zuten lehen marka, 311 kizki-lagun bilduta. Ondoren izan zen Oiartzunen txanda, eta 354 oiartzuar batu ziren. Hauen atzetik goizuetarrek egin zuten saioa, eta 400 lagun bildu ziren. Hernanik egin zuen gerora orain arteko markarik onena, 436 kizki-?lagun erakarrita. Iaz, aldiz, 347 lagun elkartu ahal izan zituzten Donostian.