Urnieta - Sanmiel jaien baitan aurten seigarren aldiz Maria Arizmendi Irrintzi lehiaketa izango da astelehenean, San Migel egunean, hain zuzen ere, 19.00etan San Juan plazan.
Urnietako Iñistorra Euskaltzaleen Biltzarrak antolatuta, lehiaketa parte hartu nahi duen ororentzat zabalik dago eta bi mailatan banatuko da: atal nagusia edo helduena, hamalau urtez gorakoentzat eta gaztetxoen atala, hamalau urtez beherakoentzat.
Antolatzaileek Euskal Herrian barrena irrintzi egiteko ohitura eta gaitasuna duten herritarrak erakarri nahi dituzte Urnietako saiora. Horretarako, lehiaketa irabazten dutenentzako sariez gain, bidaia-saria ere aurreikusi dute, Urnietara kanpotik datozen irrintzilariei kilometroen arabera ordainduko zaiena aurreikusitako diru-kopurua agortu bitartean. Kanpotik datozenek astelehena baino lehen eman behar dute izena bertaratze gastua jaso ahal izateko, 656 782 521 zenbakira deituta.
Helduen atalean, irabazleak garaikurra eta 150 euroko saria izango du; bigarrenak, garaikurra eta 75 euroko saria; eta urnietarren irrin-tzirik txukunenak ere jasoko du bere saria, garaikurra eta 50 eurokoa. Haurren atalean, berriz, garaikurrarekin batera sari ekonomiko apalagoa jasoko dute irabazleek. Jakinarazi dutenez, epaimahaiak “indarra eta ozentasuna, abiadura, tonua, garapena eta kolpe bakarreko irrintzia” izango dira aintzakotzat hartuko dituen ezaugarriak, besteak beste. - M.S.S.