zarautz - Mendi Urruzuno eta Heidi Otaduy Desioak Sutan argazki eta bideo lehiaketaren irabazleak izan dira. Bigarren urtez ikusgarria eta ederra izan zen abuztuaren 16an Zarau-tzen ospatu zen ekimena eta Sahararentzat 3.000 su bola bota ziren gau hartan zerura. Gainera, Zarauzko Udaleko Kultura sailak argazki eta bideo lehiaketaren oinarriak jakinarazi zituen eta 232 lan (226 argazki eta sei bideo) jaso dira guztira. Epaimahaiak guztien kalitatea nabarmendu du eta azken unera arte hainbat zalantza izan eta gero, bigarren sari bat ere ematea erabaki du eta Iñigo Saiz Zubeldiak jasoko du.
Bideo onenaren egileak iPad mini bat jasoko du eta argazki onenaren egileak, berriz, Tako Zarautz argazki bildumako hiru tako, aukeran, eta bigarren saridunak, bilduma horretako beste bi tako. Parte hartzaile guztien artean, berriz, Juan Luis Mendizabal Mendi pintore zarauztarraren koadro bat zozkatu da aurten ere. Twitterreko @ikerib erabiltzaileak jasoko du koadroa. Sari banaketa, bihar (12.00) egingo da Sortaldean. - A.L.