Síguenos en redes sociales:

Beasaingo Marijaia

Beasainen ere badute euren Marijaia. Izan ere, Murumendiko Mariren jaitsierarekin hasten dituzte Loinatz festak. Gaur 25. edizioa egingo dute eta dagoeneko jaietako ekitaldi jendetsuenetako bat da.

Beasaingo MarijaiaArgazkia: Jokin Telleria

Herri askotan pertsonaiak asmatu dituzte edo bertako pertsonaiak hartu dituzte jaiei hasiera emateko. Ezagunenak Gasteizko Zeledon eta Bilboko Marijaia dira. Beasainen ere badute euren Marijaia. Murumendiko Marijaia, hain zuzen ere. Arrano elkarteko kideek jaien hasiera animatzeko Murumendiko Mariren jaitsiera antolatzea erabaki zutenetik ia mende laurden pasa da. Gaur 25. edizioa egingo dute eta dagoeneko jaietako ekitaldi jende-tsuenetakoa da.

Joxemiel Barandiaran handiak 40 kondaira jaso zituen Kutxak argitaratutako liburu batean. Tartean, Marirena. Kondairak dioenez, Mari Beasaingo Burugoena baserriko seme batekin ezkondu zen. Zazpi seme-alaba izan zituzten. Mari ez zen kristaua eta ez zituen bataiatu.

Behin, bere senarra emaztea eta seme-alabak elizara eramaten saiatu zen. Marik, su eta gar artean, Murumendira ihes egin zuen hegan. "Nire umeak zerurako eta ni orain Mururako", esan zuen eta Murumendiko koban sartu zen.

Arrano elkarteko lagunei esker, urtean behin herrira jaisten da. Beasaingo Marijaia Bilbokoa bezain parranda zalea da, baina askoz ere ederragoa. Panpinaren egilea Jokin Telleria beasaindar artista da. Urtero bat egiten du, ekitaldian zehar erre egiten baitute. Poliespana erabiltzen du, sutan lehenbailehen erre dadin. Bestalde, Mari ilehoria izan da beti.

Berak eta Joxe Ramon Iraolak duela 25 urte jaiei hasiera emateko ekitaldirik ez zegoela gogoratzen dute. "Alkateak programan pregoia idazten zuen eta kito". Mariren jaitsieraren aurrekaria urte batzuk lehenago San Joan gauean egin zuten ekitaldia izan zen. "Antzerki bat egin genuen Aurtzaka dantza taldearekin, Loinatz abesbatzarekin... Handik urte ba-tzuetara, lagun batzuek Pirinioetako herri batean jaiei herriko pertsonaia batekin hasiera ematen zietela ikusi zuten eta antzeko zer edo zer egitea proposatu zuten. Hala hasi ginen Mariren jaitsiera egiten".

Arranok, dantza taldeak, abesba-tzak, txalapartariek eta musika eskolakoek parte hartzen dute. Gainera, nahi duten gazte guztiek dantza egin dezakete. Entseguak Aurtzakak antolatzen ditu. Ekitaldiak 25 bat minutu irauten du: 22.30ean argiak itzaltzen dituzte eta suziri bat bota-tzen dute. Herriko hainbat tokitik dantzari taldeak abiatzen dira, argi-zuziekin. Bitartean, plazan, txalapartariek eta musika eskolako perkusio taldeak jotzen dute.

Dantzariak, plazara heltzen direnean, sorgin dantza dantzatzen dute. Ondoren, abesbatzak Xabier Sarasolak egun horretarako konposatu zuen abestia kantatzen du. Abestia bukatzen denean, Mari udaletxe pareko etxe batetik jaisten da. Hegan, noski, txalaparta, irrintzi eta trumoi hots artean. Sutan erretzen da. Baina ez da hiltzen: bat-batean udaletxeko balkoian azaltzen da eta pregoia irakurtzen du. Azken urteotan Aintzane Bengoetxea izan da Mari, baina aurten Nuria Saez izango da Murumendiko Dama.

Urtero herriko idazle batek prestatzen du pregoia. Aurten, bigarrengoz, Xabier Mendigurenek ida-tziko du. Izan ere, bera izan zen lehen urtean pregoia idatzi zuena. Urte hauetan guztietan, Aitor Sarriegik, Iñaki Apalategik, Tere Irastor-tzak, Xabier Gartziak... idatzi dute.

Telleriak argi utzi nahi du Murumendiko Mari ez dela sorgin bat, baizik eta dama bat. "Dama xarmangarri bat da. Emakume eder bat". Iraolak ekarpen nagusia Mari gazteen artean ezagutzera ematea dela dio. "Pertsonaia mitologiko hau ahaztuta zegoen eta ezagutaraztea lortu dugu. Herritarrek beretzat dute dagoeneko. Gainera, jendeari asko gustatu zaio ekitaldia. Talde askok parte hartzen dute eta beasaindarrek ondo pasa-tzen dute".

Telleria iritzi berekoa da. "Urtero arrakasta du. Batez ere, gazteen artean. 24 urtetik beherakoek betidanik ezagutzen dute ekitaldi hau eta eurena dela sentitzen dute. Hasieran dantza taldeko kideek bakarrik dan-tza egiten zuten eta, egun, ehun lagun baino gehiagok. Eta horietatik, lauzpabost bakarrik dira dantza taldekoak. Egun hori oso polita da eurentzat: mutilak neskaz jantzita joaten dira eta neskak mutilez. Ekitaldiaren ondoren, elkarrekin parranda egiten dute".

gaurko egitaraua Gaur ere hala egingo dute. Lehenago, hainbat ekitaldi egongo dira. 16.30ean xake txapelketa jokatuko dute plazan eta 17.30ean barraka-feria irekiko dute. 18.00etan jaiei hasiera ofiziala emango diete danbatekoarekin eta joaldun taldea herriko kaleetan ibiliko da. 18.30ean txosnak irekiko dituzte eta erraldoiak eta buruhandiak irtengo dira. 19.00etan txistor-jana egingo dute Zubimuzu plazan eta pilota txapelketa herrikoiko finalaurrekoak jokatuko dituzte Gernika pasealekuko frontoian. 22.30ean Mariren jaitsiera egingo dute eta ondoren Koskola txarangak joko du eta Sukarra 37 eta Hesian taldeek kontzertua emango dute Bideluze plazan.