DANBOR hotsek Victoria Eugenia antzokia bete zuten atzo goizean. Argazkilariak eta telebistako kamarak pasiloetan gora eta behera zebiltzan eta haurrek erakarri nahi zituzten, beraien burua telebistan edo egunkarietan ikusteko irrikaz. Ilusioa, poza eta umore ona nagusi ziren Haur Danborradaren aurkezpen festan eta bertara hurbildu ziren umeek astelehenean erabiliko dituzten jantziak erakutsi zituzten.

43 ikastetxetako 50 konpainien ordezkariak elkartu ziren ekitaldian eta baita Haur Danborradatik kanpo irteten diren taldeenak ere. Aurtengoa urte berezia da English School eta Aitor Ikastolarentzat, ikastetxe hauetatik baitatoz aurtengo Danborradako pertsonaia nagusiak.

Aretoko argiak itzali eta Gero Axular taldeko zenbait kide agertu ziren oholtza gainean. Lehengo urtean berreskuratutako Antzinako Martxa dantzatu zuten ekitaldiari hasiera emateko. "Pausoak bagenekizkien baina, hala ere, koreografia montatzea nahiko zaila egin zaigu", aitortu zuten.

barre algarak antzokian

Pailazoak izan ziren aurkezleak

Gari, Montxo eta Joselontxo pailazoek hartu zuten beren gain aurkezleen rola. Garik Danborradako jantzia zeraman soinean, umeekin ospakizun honetan bat eginik, zer aurkezten ari ziren denbora guztian gogoan edukiz.

Pailazoen arteko bromak ugariak izan ziren. Montxok panpina bat musukatu zuen bere andregaia zela pentsatuz eta Joselontxok, boxeoko zaku bat balitz bezala, golpe ugari jaso zituen. Barre algara asko en-tzun ziren publikoan zegoen jendearen artean. Gainera, haurrek pailazoek eskatzen zietena gogo onez egiten zuten, gutxi batzuk hauei bromak egiten saiatu baziren ere.

Umore ona alde batera utzi gabe, Danborradako haurrei ere tarte bat eman zieten. Esaterako, Antiguako bertso eskolako neska-mutilak bertan izan ziren eta festa honi buruzko bertsoak eskaini zizkieten bete-beterik zegoen antzokian zeudenei. Larramendi ikastetxeko abanderatua ere animatu zen Danborradaren inguruko bertsoak botatzera. Danborrada, makila, Sarriegi eta tarrapatatan hitzak zituzten oin bezala eta bakoitzarekin bertso bat osatu zuen haur talde honek. "Bertsoak egitea ez da hain zaila, praktika pixka bat besterik ez da behar", adierazi zuten bertso eskolako haurrek eskainitako emanaldiaren ondoren.

Guztira 7.000 ume baino gehiagok hartuko dute parte San Sebastian egunean (Haur Danborradan eta auzoetako danborradetan), baina atzo ezin izan zuten denek egon Victoria Eugenian. Hala ere, konpainia guztien ordezkariak igo ziren oholtza gainera. English Schooleko Sara Esnal, aurtengo Easo Ederra, bertan izan zen Oihana Etxezarreta jeneralarekin eta Jude Ozores laguntzailearekin. Donostiako herritarrak, damak, batelariak, iñudeak, iruleak, urketariak eta palafrezainak ere ikastetxe berekoak ziren eta eszenatokian elkartu ziren beste guztiekin.

Talde honetaz gain, Aitor Ikastolako Malen Arrieta danbor nagusia ere bertan egon zen eta beste guztiak zuzendu zituen Sarriegiren Martxa jotzean, oholtza gainean zeuden ordezkariak eta baita jendartean zeuden danbor-joleak ere. Astelehenean bertan oso ondo pasako dutela iragarriz, oso alai agertu zen Aitor Ikastolako neskatxa.

domina banaketa

Alkateak haurrak agurtu zituen

Donostiako alkatea ere, Juan Karlos Izagirre, Haur Danborradaren aurkezpenean izan zen eta aurtengo edizioan protagonistak izango direnei garaikurrak emateaz arduratu zen. Danbor nagusiari bere makila eman zion eta English Schooleko neska-mutilei, domina bana, aurten bete behar duten lanaren oroigarri moduan.

Hitz batzuk ere eskaini zizkien Victoria Eugenian bildu ziren haur guztiei. Danborrada Donostian edo Euskal Herrian ez ezik, mundu guztian jarraitzen den festa bat dela gogorarazi zien. "Zuek izango zarete protagonistak astelehenean, eta munduko txoko desberdinetan dagoen jendearentzat, Donostiaren isla", azaldu zien alkateak.

Horregatik, oso ondo jo behar zutela eskatu zien, horren dudarik egiten ez bazuen ere. Hala ere, hori guztiaren gainetik, garrantzitsuena "ondo pasatzea eta disfrutatzea" dela adierazi zuen eta haurrei egun berezi honetan danborra joaz goza-tzeko eskatu zien.

punta-puntako gonbidatuak

Suhiltzaileek sua itzali zuten

Gala hasi bezain pronto, ke zuri susmagarri bat agertu zen Victoria Eugeniako oholtza gainean. Gari pailazoak, kezkaturik, suhiltzaileei deitu zien eta segituan azaldu ziren. Donostiako suhiltzaileak Haur Danborradaren babesleak dira eta, orain arte, haien egoitzatik pasatzean, lanean zeudenek ere danborra jotzen zuten haurrekin. "Aurten, leku aldaketa dela eta, bakarrik ospatu beharko dugu, baina danborra joko dugu, hori seguru", adierazi zuten.

Haur Danborradaren aurkezpen festa bazen ere, helduen danborradek haien txokoa izan zuen atzoko ekitaldian. Eskaut Gia lehenengo talde mistoa izan zen eta bertan atera zen lehen aldiz emakumezko bat danbor nagusi moduan. Danborra jo eta beraien koreografia dantzatu zuten.

Azkenik, EHUko saskibaloi jokalariek ere festan parte hartu zuten. Neska talde hau lehenengo mailan jokatzen ari da eta hilaren 25an Perfumerías Avenida taldearen aurka jokatuko duten partidara gonbidatu zituzten jaialdian zeuden haurrak. Hala ere, hori baino lehen, danbor-jole txikien egun handia dator, eta astelenerako prestatzea tokatzen da orain.