215 sukaldari eta soldadu gehiago
irauli, centro burgalés eta morlanstarrak konpainiak lehenengo aldiz aterako dira danborradan
ELKAR ezagutu eta elkarrekin ondo pasatzeko helburua dute denek. Eta hori, danborra edo barrila eskuan, bermatuta dago. Horregatik erabaki zuten aurtengo Danborradan parte hartu nahi zutela.
Centro Burgalés Castellano Leonés, Irauli futbol taldea eta Morlanstarrak auzo elkartea aurten lehenengo aldiz aterako dira desfilatzen, Groseko kaleetatik lehenengoa eta Amara ingurutik beste biak.
CENTRO BURGALÉS
Gazteen txanda
Zuzendaritza batzordean gazte ba-tzuk hasi ziren lanean eta gazteek garatu zuten danborrada sortzeko ideia Centro Burgalés Castellano Leonés elkartean. Martín Guiroy kideak azadu duenez, elkarteko belaunaldi berria Donostian jaiotakoa da, nahiz eta gurasoak Gaztelakoak izan. Eta Danborrada haien festa da. Gainera, gazteen eta helduagoen artean erlazioa estutu nahi zuten eta gazte horiek elkartearen parte bihurtu.
Haien deiak erantzun zabala izan zuen eta 70 pertsona aterako dira elkartearen banderaren atzetik jo-tzen Groseko kaleetatik astelehen eguerdian. Auzoan ordutegia aukeratzea ez zen erraza eta azkenean 14.40ean irtengo dira Bermingham kaletik.
Lehen urtea denez eta kideei inbertsio handiegia ekiditeko asmoz, aurten behintzat sukaldariz jantzita aterako dira danbor guztiak; barrilen artean sukaldariak eta urketariak izango dira. Gastuen parte bat elkarteak hartu du bere gain eta horretarako hainbat ekitaldi egin dituzte azken hilabeteotan.
MORLANSTARRAK
Auzoko bigarren konpainia
Morlanseko etxe berrietara lehen bizilagunak iritsi zirela urte pare bat badira jada eta auzo elkartea sortu dute, elkar ezagutzeko eta auzoko bizitza sustatzeko asmoz. Elkartean abiatu zuten, hain justu, danborrada sortzeko ideia. Hala ere, auzoko lehen konpainia ez direla izango jakin dute: Mikel Etxebeste auzotarrak argitu duenez, Morlanseko goiko aldeko etxeetako bizilagunek danborrada sortu zuten 90. hamarkadan, baina bitan atera ziren bakarrik. Ideia auzotar berriek berreskuratu dute orain.
65 bat lagun izango dira kalean astelehenean, 17.00etatik aurrera. Morlansetik atera eta Amara Berriko kaleak ere zeharkatuko dituzte. Deialdia irekia izan da lehen urte honetan eta auzotarrek lehentasuna bazuten ere, badira parte hartuko duten beste amaratarrak, baita Hendaiako neska bat ere. Lehen urteko inbertsioa jada altua zela eta, momentuz sukaldariz jantzita aterako dira Morlanstarrak ere.
IRAULI
Futbola, saskibaloia eta danborra
Irauli taldekoek, aldiz, diru gehiago jarri eta traje napoleonikoak aukeratu dituzte danborrentzat lehen urtetik. Amara Osinagako Anoeta tabernako lagunak eta Irauli futbol eta saskibaloi taldekoak dira konpainia berria osatuko dutenak. Guztira, 80 bat lagun izango dira.
Iñigo Garcíak azaldu duenez, duela hiru urte sortu zuten futbol eta saskibaloi taldea eta horretan ari-tzen diren 20 eta 25 urte inguruko gazteak dira, batik bat, konpainia osatuko dutenak. Haiei lagunak, senitartekoak eta tabernako ezagunak batu zaizkie.
Soldaduez gain, sukaldariak eta urketariak ere izango dira eta nahiz eta gauez atera nahi zuten, zaila zen beste konpainiekin bat ez egitea eta azkenean eguerdian aterako dira, 12.00etatik aurrera. Helburua futbol eta saskibaloi taldeak handitzen jarraitzea da eta, era berean, Irauli danborrada ere haztea.
Hiru danborrada berri izango dira aurtengo San Sebastian egunean kalean eta estreineko 215 danbor, barril eta urketari. Guztira, dena den, 15.000 lagun baino gehiago dira aurten 128 konpainietan banatuta hiria auzoz auzo zeharkatuko dutenak Sarriegiren doinuak bazter guztietara eramateko asmoz.