Urnieta. Ostargi Erraldoien Konpartsako kideek eta Urnietako Udalak, elkarlanean, erraldoiak dantzatzeko ikastaro bat antolatu dute. Eskolak bihar eta irailaren 21ean, 11.00etan, Plazido Muxika plazan izango dira.
Ikastaro honen azken helburua Urnietan erraldoi eta buruhandien konpartsa bat sortzea da. Sortuko den konpartsa honek, nahiz eta hasieran Ostargikoen laguntza eduki, gerora Urnietako Erraldoi eta Buruhandiak herriko festa eta beste egun berezietan dantzatu eta aurrera begira herritik kanpo antolatu daitezkeen topaketetan ere parte hartuko du.
Nahiz eta ikastaro honek askorako ez eman, erraldoiak nola dan-tzatzen diren ikasteko aurreneko pausua dela uste dute antolatzaileek eta deialdi honekin erraldoizaleak diren hainbat urnietar animatzea espero dute.
Ikastaroa guztiz doakoa da eta hamalau urte baino gehiago izatea da bertan parte hartzeko baldintza bakarra. Parte hartzen dutenek ikasitakoa kalean erakutsi ahal izateko aukera sanmieletan izango dute, baina hori bai, antolatzaileek adierazi nahi dute, sanmieletan erraldoiekin atera nahi dutenek boluntario moduan aterako direla zuzenean diru-saririk jaso gabe. Erraldoiak dantzatzeagatik jaso-tzen den dirua konpartsa berria sortu eta mantentzeko erabiliko da bakarrik.
Gaur egun Urnietak lau erraldoi ditu. 2004. urtean Udalak Gárate erraldoigileari bi erraldoi egitea enkargatu zizkion eta herriko bi pertsonaietan oinarrituta, Alkate Txikien erraldoiak egin ziren. Bi urte beranduago berriz, erraldoi eta buruhandien konpartsa indar-tzeko asmoarekin, beste bi erraldoi enkargatu zitzaizkion Gárateri. Honek Mari eta Basajaun egin zituen 2006an.
Alabaina, badira beste bi figura ere. Lau erraldoi horien aurretik, beste erraldoi pare bat zegoen herrian: Ekhi eta Ilazki. Bi hauek oso zaharrak direnez gordeta daude eta Ostargikoak berriztatzen saiatzen ari dira.