Síguenos en redes sociales:

Gaur eta bihar zabalik izango da Villabonako Garagardo Azoka

Irrintzi Elkarteak antolatuta, 17. edizioa da Gipuzkoako garagardo festa zaharrenarentzat

Villabona. Gipuzkoako Garagardo Azokarik zaharrena, Villabonakoa, zabalik izango da gaur eta bihar Jesusen Bihotza ikastolaren jolastokian, Txerminen.

Irrintzi elkarteak antolatuta, 17. urtez garagardo zaleek hitzordua dute asteburu honetan Villabonan. 24 garagardo mota dastatzeko aukera izango da eta gutxi gorabehera, 13.000 litro inguru izango direla aurreikusi dute.

Zuku apartsuak zerbitzatzeaz gain, jateko ere aukera zabala izango dute bertaratzen direnek. Bra-twurst eta Frankfurt motako saltxitxak eta ukondoa dira menuaren izarrak. Hala ere, beste proposamen batzuk ere badituzte: haragi pastela, alemaniar entsalada, entsalada mediterraniar, Nabarrito erara egindako patatak, muskuiluak tomatearekin, eta baratxuri erara egindako langostinoak. Postrerako, berriz, Idiazabal gazta, eta gazta mota berarekin egindako gazta tarta izango dira.

Gaur 110 boluntario lanean arituko dira eta bihar 70 inguru. Aurten ere salneurriak mantenduko dituzte ahalik eta jende gehien gerturatzeko asmoz. Horrela, botilak hiru eurotan salduko dira eta pitxarrak 3,5ean.

Gainera, gauero bi lagunentzat hiru afari zozketatuko dituzte Irurri-goxo, Txapeldun eta Hor Konpon jatetxeetan eta emanaldiak ere izango dira.