Urnieta. Noiz sortu zen Dendaberri erretiratuen elkartea?
Duela 37 urte sortu zen udaletxeko ondoko etxean, Dendaberri izena zuena. Gizon batzuk sortu zuten, orduan ez zegoen diru laguntzarik eta errifak eta zozketak egiten ziren dirua lortzeko eta bazkideek 25 euro ordaindu behar zituzten hilean. Garai hartako kuotak altuak ziren. Diru laguntzak gutxitu direnez, duela bi urte, urtean bederatzi euro kobratzea erabaki genuen eta jendeari garesti iruditu zitzaion.
Zenbat bazkide zarete?
600 bat, baina Urnietan 1.700 erretiratu baino gehiago dago. Beti izaten dira jubilatuen etxera zaharrak bakarrik joaten direla pentsatzen dutenak. Irteera bat antolatzen dugunean beti bi prezio ezberdin jartzen ditugu, bat jubilatuentzat eta bestea ez direnentzat, elkartea beste jendeari ireki dadin.
Herrian ekimen ugari antolatzen dituzue. Esaterako, bihar Kultur Astea hasiko da. Zer eskainiko duzue?
Aurten 30 urte bete dira gaur egungo egoitzara (osasun zentro zaharrean) etorri ginela. Herriko emakume batek garai hartako jubilatuen bazkari baten diapositibak aurkitu eta elkartera ekarri zituen. Aurrenekoz bazkideei erakutsi genizkienean asko gustatu zi-tzaizkien, jende ezaguna agertzen zelako eta berriz botatzea erabaki dugu. Hori bihar bertan izango da. Santoñara irteera bat ere badago.
Zenbat aldiz antolatu duzue Kultur Astea?
Hamar bat urte izango dira antolatzen dugula. Nolabait ere denen artean pentsatu genuen diru laguntzak aprobetxatzeko Aste Kultural bat antolatzea ideia ona zela.
Jubilatuen etxean beharrik ikusten al duzue?
Garai hauetan beste behar batzuk ikusten ditugu, lehen antzematen ez genituenak. Adibidez, egoitzan daukagun tabernan sukaldetxo bat jarri nahiko genuke bazkariak zerbitzatzeko. Batez ere bakarrik bizi edota gaizki moldatzen diren pertsonengan pentsatzen ari gara, fundamentuz jan dezaten. Geroz eta pertsona heldu gehiago daude bakarrik bizi direnak eta zerbitzu hau jarri duten beste herrietan oso ondo hartu dute.
Urnietako jubilatuen etxeak berezitasunik al dauka?
Bai, konturatu gara hona jendea ekintza puntualetara etortzen dela, ondo pasa nahi dute, disfrutatu nahi dute. Jende gazte asko gerturatzen da gaur egun, baina ez dute ezerrekin konprometitu nahi. Hi-tzaldiek eta horrelako ekimenek ez dute inolako arrakastarik. Hernani bezalako herrietan jubilatuen etxeak beste modu batetara fun-tzionatzen dute. Gaur egun seme-alaben banantzeak direla edota langabezian geratu direla, jubilatuak familiaren sostenguan bihurtu gara eta oso lanpetuta gabiltza bilobak zaintzen. Beraz, denbora librea daukagunean ondo pasa besterik ez dugu nahi.
Konpromezu eza horrekin, zuzendaritza-batzordea berritzeko zailtasunak dituzue?
Urtarrilean tokatzen zaigu batzordea berritzea eta orduan ikusiko dugu ordezkorik dagoen edo ez. Esan beharra dago antolakuntza eta kudeaketan aritzeko jendea aurkitzea oso zaila dela. Gure aurretik, lehendakari bezala, Maritxu Recondo egon zen hogei urtez kargu horretan, 82 urtekin utzi zuen, guk ordezkaritza hartu genuenean; baina urte luze horietan inork ez zuen postu hori hartu nahi. Baina oso esker oneko kargua da, zure lanak errekonozimendua du. Gure ustez, batzordean aldaketak egotea gauza positiboa da.