Lontxo Rojok bizikletaz egindako bidaiak ekarriko ditu Tolosara
Gasteiztarrak hitzaldia eskainiko du asteazkenean Antxon Bandres Bidariarien Txokoan
tolosa. Apirileko bizikleten inguruko hitzaldiekin amaitzeko, Lontxo Rojo izango da asteazkenean Tolosako Antxon Bandres Bidaiarien Txokoan. Lontxo Rojo, Gizon Aberatsa (15 urte bizikletaz) izenburua izango du hitzaldiak eta euskaraz izango da, 20.00etan.
Lorenzo Rojo azken hamabost urte hauetan, 1997az geroztik, munduan barrena bizikletaz dabilen bidaiari gasteiztarra da. "97ko urte hartan jaioterria eta lana utzi (euskara irakaslea nintzen bigarren hezkuntzan) eta plan zehatzik eta anbizio handirik gabe jaio zen -eta oraindik amaitu ez den- bidaia bati ekin nion", azaldu du. 35 urte zituen orduan. Geroztik 182.000 km inguru egin ditu, pedalei eraginez beti, bost kontinenteko 90 bat herri ezberdinetan zehar. "Nire bizikleta zaharra da, nire poltsa txikia, mundura eraman ninduen grina, ordea, urtetik urtera handituz doa", gehitu du.
Malawin irakurri zuen Lorenzo Rojok "bizikleta bat daukan gizona aberatsa" dela eta izenburu hori aukeratu du bere hitzaldiarentzat. "Bizikleta batek aberastasunaren beste ikuspegi bat eskaini ahal digu: sinplizitatearen eta gure altxorrik handiena den askatasunaren aberastasuna", dio.