Azpeitia. Urola Erdiko Mankomunitateak emandako datuen arabera, bailarako bizilagunek 13.323 tona hondakin sortu zituzten joan den urtean. Horietatik, 8.995 tona Lapatxeko zabortegira isuri ziren zuzenean eta bestelako 4.459 tona gaika bildu eta birziklatze plantetara eraman ziren.
Hori dela eta, iaz sortutako hondakinetatik "%33a gaika bildu zen eta bestelako %77a Azpeitiko zabortegira bota zen zuzenean, bereizi gabe".
Urola Erdiko Mankomunitatetik azaldutakoari eutsiz, "alde handia dago oraindik errefusako edukion-tzietan jasotakoaren eta gainerako edukietan sailkatuta jasotakoaren artean, horrek dituen ondorio ekonomiko eta ekologikoekin".
Edonola ere, hondakin organikoaren bilketan igoera egon zen iaz bailaran, "batez ere autokonpostatzearen ohituraren zabalkundeari dagokionez". Herrietako bostgarren edukiontzietako bilketan saiakera eginagatik ere, aldaketa eta igoera izan dira: "hainbat herri eta auzotan ezarri den auto eta auzokonposten igoerari dagokio batez ere, eta herritar eta auzo horien lana eta jarduna eskertu nahi dugu hemendik", aitortu dute Mankomunitateko ordezkariek.
Bestalde, errefusaren kopuru ba-tzuk "harrigarriak" dira oraindik: "Azpeitian eta Zestoan, adibidez, hurrenez hurren, 306 eta 311 kilo errefusa bildu ditu Mankomunitateak urteko eta biztanleko; eskualde osoko batazbestekoa 286 kilokoa (urteko eta bizkanleko) izan delarik.
Dena dela, errefusaren joera beheranzkoa izan da, "krisiagatik edo sentsibilizazio kanpainengatik...".
Datuak kontuan hartuta, Urola Erdiko bilketa selektibo tasa, gaur gaurkoz, %33koa da eta 2011ko datuekin alderatuta, %2,5 igo da.
Koste ekonomikoa Urola Erdiko Mankomunitateak gogorarazten du "birziklatzea ekonomikoagoa dela, kalte ekologikoak ekiditeaz gainera, kontzientzia zibikoan garatzea ere badakarrelako, baina gure poltsikoentzat ere merkeagoa delako".
Iaz, errefusaren tratamenduagatik, "119,19 euro ordaindu genituen tonako". Ondorioz, "guztira, zabortegian utzi eta tratamendu egokia emateagatik milioi bat euro baino gehiago gastatu zuen Mankomunitateak". Hondakin organikoaren tratamenduak, berriz, tonako 65,57 euroko kostua du eta guztira 26.650 euro bideratu ziren horretarako.