Andoain. Auzoz auzoko parte-hartze prozesuaren azken batzar arrakastatsua burutu zen asteazkenean Basteron. 60 lagun inguruk parte hartu zuten, prozesua garatu den auzo guztietako ordezkaritza egon zelarik.

Lehenbizi, auzo batean baino gehiagotan errepikatu diren eta "ekarpen orokortzat" hartu diren proposamenak jorratu ziren. 16 izan ziren guztira, eta Ana Carrere alkateak horien inguruko azalpen eta konpromisoak azaldu zituen. Bigarren zatian, berriz, auzoetako ekarpen zehatzei heldu zitzaien; guztira 39 ekarpen lehenetsi zirelarik.

Bestalde, Udalak hartutako konpromiso guztiak azalduko dituen euskarri bat aterako da gutxi barru, eta egindako ekarpen guztien jarraipena egiteko bideak zehaztuko dira: zein puntutan aurkitzen den proposamena, zein epeetan gauzatzea aurreikusten den edota zein zailtasun dauden proposamena burutzeko. Udal gobernuak oso balorazio positiboa egin du lehen aldiz egin den parte-hartze prozesuen inguruan.