Donostia. Zubian ateak itxi ordez zabaldu egin dituzte Alde Zaharrean. Lehenengo aldiz, eta krisi garai honetan erosketak sustatzeko asmoz, Gabonetako Azoka berezia antolatu zuten atzo auzoko merkatariek: 70 dendek ateak ireki zituzten eta produktu asko kalera ere atera zituzten, Bulebarrean Behemendi elkarteko baserritarrek postuak jarri zituzten eta Konstituzio plazan ludoteka antolatu zuten txikientzat, Kaikuren eskutik.

Bada, jendeak ez zuen hutsik egin. Bazkalaurreko orduetan kaleak jendez lepo ageri ziren, udako asteburu batean bezala: bertakoak eta zubia Donostian pasatzera etorritakoak hara eta hona zebiltzan, dendetan sartu eta atera. Poltsak ere bazituzten askok eskuetan.

Sshops Donostia merkatarien elkarteak antolatu zuen atzoko Gabonetako merkatu berezia, Donostiako Udalaren laguntzarekin. Hala, goizeko 10.00etatik 20.00etara izan ziren dendak zabalik eta, esan bezala, bazkalaurretik eta arratsalde partean milaka eta milaka pertsona gerturatu ziren Alde Zaharrera.

Denda askok, gainera, produktuak kalera atera zituzten, erosleak erakartzeko asmoarekin. Arropa, janaria, osagarriak eta bestelakoak ikus zitzaketen kaletik pasea-tzen zutenek eta asko izan ziren tentazioan erori eta dendetan sartu zirenak. Izan ere, krisian egon arren, erosi ere askok erosi zuten.

Bulebarrean Behemendi elkarteak jarritako postuek ere erakarri zuten jendea eta, tartean, bisitari asko. Baserriko gazta, gozoak, loreak, fruta eta bestelakoak erosteko eta etxera eramateko aukera izan zuten.

Lehenengo urtea da abenduko zubiko jai egun batean horrelako merkatu edo hitzordu berezia antolatzen dutela baina, emaitza ikusita, jarraipena izango duela dirudi.