nafarroako konkistaren 500. urteurrenaren harira, Arizmendi ikastolako guraso eta irakaslez osatutako Arizan taldeak Asaba zaharren oihartzuna izenburuko antzezlana aurkeztuko du ostiralean Arrasateko Amaia an-tzokiko taula gainean. Hitzordua 22.00etan izango da.

Ekimen honen ideia iaz Nabarralde Elkarteak Oñatin antolatutako kongresuan sortu zen. "Bertan Arizmendiko hainbat kide izan ziren eta hortik bururatu zitzaigun antzerkia egitea. 2011-2012ko ikasturtean obra osatu eta entseatu genuen", adierazi zuten ikastolatik.

Txikitxu-Arrostaitz dantza taldeak, Arrasateko dultzaineroak eta Goikobalu-Arizmendi abesba-tzak, besteak beste, parte hartuko dute etziko ikuskizunean. Beraz, Nafarroako konkista ardatz hartuta eta herri partaidetzan oinarrituta, ekin diote proiektuari.

Antzerki taldekoek sekulako lana egin dute antzezlana aurrera eramateko. "Asmoa izan da benetan konkista horren inguruan gertatutakoak eta gure historian izandako gertakariak eta pasarteak sketch moduan azaltzea", azpimarratu zuten ikastolatik. Nabarraldek testuak pasatu dizkio taldeari eta azken honek gorpuztu egin ditu. David Errasti zuzendaria eta Mañole Ezeñarro arte eta historia irakasle ohia arduratu dira gidoia prestatzeaz.

"Orain 500 urte Nafarroan bizi izandako gertaerak Euskal Herriak gaur egun bizi duen egoeraren aurrekari izan dira. Orain gutxira arte irabazleen historia baino ez dugu ezagutu, baina, zorionez, pixkanaka gure historia argitzen hasi gara", nabarmendu zuten Arizmenditik. Hortaz, testuinguru honetan "gogora" ekarri nahi dituzte arbasoen pasarte gorabeheratsu ba-tzuk: ohitura eta ideien inposaketak, gerrak, hilketak, zatiketak... "Ez dugu historiako istorioak kontatzeko asmorik, nahi duguna da egiazko etorkizun bati ateak irekitzea", baieztatu zuten. Sarrerak Arizmendi ikastolako guneetan salgai daude -ostiralean, Amaiako lehiatilan baita ere- sei euroko prezioan; hiru euro ikasleentzat.

zortzi urteko ibilbidea

Irakasleak eta gurasoak

Arizmendiko Arizan taldea 2005ean jarri zen martxan. Bederatzi kidek, zuzendaria barne, osatzen dute, horietako hiru irakasleak eta gainerakoak, gurasoak: Amagoia Gorosabel, Enkarna Herrero, Garbiñe Nuñez, Karmele Uribarren, Mañole Ezenarro, Maria Elejoste, Xabier Latorre, Espe Sainz eta an-tzerki munduan eskarmentu handia duen David Errasti.

"Estrenaldia 2007an egin zuen taldeak Bertso-raperoak obrarekin. Honetaz gain, kale antzerkiak, esketxak... egin dituzte, bereziki, ikastolako ekitaldi eta ospakizunetan", gogoratu zuten Arizmenditik.