urretxu. Gaur ikusiko du argia Goierri eta Urola Garaiko (Beheko eta goiko Goierri ekimenaren sustatzaileentzat) euskarazko aldizkari berriak. GoiBerri du izena eta Goierritarra eta Otamotz aldizkarien baturatik sortu da. Astekaria izango da.

Goierritarrak Goierriko (behe Goierriko) 18 herriak hartzen zituen eta Otamotz aldizkaria, berriz, Urretxu eta Zumarragakoa zen. Egitasmo berriari esker Legazpik, aspaldiko partez, euskarazko aldizkaria izango du.

Argitalpen berriak Goierritarrak eta Otamotzek zituzten hainbat atal mantendu egingo ditu, baina beste batzuk berriak izango dira. Astero erreportaje eta elkarrizketa nagusi bat izango ditu. Gainera gazteei, historiari, ibilbideei, bertan bizi diren atzerritarrei eta kanpora joan diren herritarrei eta iritziari, besteak beste, tokia egingo die. Edukiak lantzeko garaian gaurkotasuna izango da bere ikur nagusietako bat: Goierriko Hitzaren osagarria izango da.

Lehen aleari dagokionez, protagonista nagusietako batzuk Jon Maia bertsolaria, Josetxo Zufiaurre beasaindarra, Jose Luis Ugarte legazpiarra, Haizea Arranz zumarragarra, Inma Goiburu ordiziarra eta Idiazabalgo Axari dantza taldea dira.

Esan bezala, aldizkari berriak Goierritarra eta Otamotz ordezkatuko ditu. Lehena 1989ko azaroan argitaratu zen lehen aldiz. Ordutik 400 ale baino gehiago kaleratu dira. Hasieran hilabetekaria zen eta azken urteotan hamaboskaria izan da. Otamotz aldizkaria, berriz, 1995ean sortu zen Urretxu eta Zumarragako Zintzo-Mintzo euskaltzale elkartearen eskutik. Beti hilabetekaria izan da. 174 ale argitaratu dira.