Síguenos en redes sociales:

"Saturrarango eskollera desegiten ari da eta soberan dago, denborak demostratu duen bezala"

Xabier Basterretxea 68 urteko mutrikuarrak izugarri maite du Saturrarango eremua. Hala ere, "bihotz mina" sentitzen du bertara gerturatzen den bakoitzean. Bere ustetan, "eskollera berria egin zutenetik hondartza eta inguru guztia abandonatuta dago eta egoera okerrera doa"

"Saturrarango eskollera desegiten ari da eta soberan dago, denborak demostratu duen bezala"Jabi Leon

MUTRIKU. Xabier Basterretxearentzat Saturraranek badu zerbait berezia egiten diona baina bere ustetan inguru zoragarri honek ez du erakunde publikoengandik merezi duen tratua jaso eta horregatik "gero eta egoera okerragoan dago". Hori salatzeko NOTICIAS DE GIPUZKOA egunkariarekin jarri da harremanetan.

Zergatik animatu zara Saturrarango egoera publikoki salatzera?

Inguru guztia zeharo utzita dagoelako eta ardura duenak ez duelako ardurarik hartu nahi. Costas-ek du ingurune hau zaintzeko eskumena baina ez du ezer egiten dirurik ez dagoela esaten... baina hori ez da gaurko gauza bat. Izan ere, erakunde publikoetatik beti egon da Donostia, Zarautz edo Hondarribia bezalako herrientzako dirua baina diru hori sekula ez da Mutrikura ailegatzen.

Zer dago gaizki Saturraranen?

Gauza asko, 1983ko uholdeen geroztik eremu guztia abandonatuta dagoelako. Hamarkada horretan Ondarroako dikea luzatu eta Saturrarango eskollera berria egin zuten. Hortik aurrera, itsasoko korrienteak aldatu ziren eta hondartzako ondarrak beste bide bat hartu zuen. Ondorioz, bainurako gune arriskutsuak aldatu dira eta lehen arriskua hondartzako eskuinaldean, haitz haundien ondoan bazegoen ere, orain arriskua ezkerraldean dago, eskollera horren inguruan. Gainera, eskollerak harri txikiak ditu barrukaldean eta itsasoko uraren eraginez harri horiek hondartzan zabaltzen dira, gero eta gehiago.

Hondartzak duen arazorik nagusiena eskollera al da?

Bai, dudarik gabe. Eskollera hori soberan dago, denborak demostratu duen bezala. Uraren eraginez estruktura guztia desegiten ari da; harriak kentzen ari dira bertatik eta hondartzan zabaltzen... egoera horri irtenbide bat topatu behar zaio eta nire ustetan helburua lehen zegoen Saturraran berreskuratzea izan behar du.

Errekak ere ez du itxura onik, ezta?

Ez, Saturraraneko hondartzaraino ura daraman erreka betidanik egon da hor baina sekula ez du orain duen itxura txarrik izan. Zikinkeri asko akumulatzen da errekan eta bi metroko altuera hartu duen begetazioa dago bertan. Horren ondorioz, egunen baten uholdeak badaude ura ezin izango da hortik pasa eta bere bidetik aterako da. Azaroan izan zer euriarekin ere hala gertatu zen eta oraindik ikus daiteke lokatza kanpoan dagoela.

Ondarruraino ailegatzen den oinezkoentzako pasealekuan ere itsasoko ura akumulatzen da...

Bai, hor dago konpondu beharreko beste gauza bat. Izan ere, pasealekuak itsaso aldera duen barandau moduko horrek ez du lagatzen olatuekin datorren itsasoko ura berriro itsasora bueltatzen eta urak lekua topatu behar du irtetzeko. Lehen, paseoa egin aurretik, olatuek mendiaren kontra jotzen zuten eta ondoren ura itsasora bueltatzen zen baina paseoarekin urak ez dauka bere tokira bueltatzeko aukerarik eta jendearentzako mahaiak dauden gunera heltzen da. Horregatik, zona hori askotan ezin da erabili, urez gainezka egoten delako.

Ikusitakoa ikusita, ez da erraza Saturraraneko egoera konpontzea...

Ez, aktuazio orokor bat behar da ingurune guztirako. Alde batetik, erreka garbitu eta egokitu behar da urak behar duen lekua izateko; bestetik eskollera kendu beharko lirateke hondartzak lehen zuen itxura berreskuratzeko eta azkenik, pasealekuan geratzen den urari irteera eman behar zaio.

Saturraranek berreskuratuko al du inoiz lehen izan zuen itxura?

Gustatuko litzaidake baina ez dakit; hori erakunde publikoen esku dago. Egia esan, Udalak eta Foru Aldundiak ez dute eremu horretan gauza handirik egiteko aukerarik baina ahalegina egiten badute agian egoera konpontzeko Costas-en konpromezua lortu dezakete.