Síguenos en redes sociales:

"Beste batekin hitz egiten ari naizenean ere artista naiz eta lan egiten ari naiz"

Andoni Salamero poeta zumarragarrak Koldo Cadierno lagunarekin batera erakusketa ireki du Kortaberri tabernan. Berak haikuak (japoniar jatorriko poema laburrak) idatzi ditu eta Cadiernok marrazkiak egin ditu. Lan guztiek gastronomiarekin zerikusia dute

"Beste batekin hitz egiten ari naizenean ere artista naiz eta lan egiten ari naiz"Foto: a.z.

zumarraga. Nolatan halako arte zaletasuna?

Artera musikaren bitartez hurbildu nintzen. Nire etxean asko abesten da. Giro horretan hazi eta hezi nintzen. Izan ere, abesten ari zaren bitartean kultura jasotzen ari zara nahi gabe: nire gurasoen ondare kulturala kantuen bidez jaso nuen.

Musika ikasketak egin al zenituen?

Nire ametsetako bat kantautore izatea zen, baina ezin izan dut. Gitarra jotzen saiatu nintzen, Josi Labajosekin, baina dedikazio handia eska-tzen zuen eta niri gauza ezberdinak egitea gustatzen zait. Abestu, ordea, asko abestu dut. Kantuak sortu ditut eta Goiargi abesbatzan abestu nuen.

Zer moduz Goiargin?

Hamar bat urtez aritu nintzen eta esperientzia oso ona izan zen. Talde trinkoa zegoen: jende ona, jatorra eta hurbila. Asko irakatsi zidaten. Taldekideek, Xabier Barriolak eta Xabier Arratibelek irakatsitakoa beti izango zait mesedegarri.

Herriko hamaika ekimenetan parte hartu duzu. Bat edo beste azpimarratuko al zenuke?

Ezin dut bat aukeratu. Ekitaldi guztiek hobea egin naute, zentzu sozialean. Guztien josturak osatzen du ehuna. Guztiek sortu dute nire nortasuna. Ekitaldiz ekitaldi eta lanez lan sortu da orain egiten dudana.

Poesia landu duzu batik bat.

Poesiari eman diot garrantzia, gutxien lantzen den generoa baita. Zaila dela esaten da eta nire ikasleekin lantzen ere saiatu naiz. Poesia ez dut liburu bati lotuta bakarrik ulertzen. Bizitzarekin lotua dago. Ezin dut gauza bat idatzi eta beste era batera jokatu. Poesia nire izaeraren bidez loratzen da. Gauza bat idatzi eta beste bat egiten duen artista niretzat ez da artista osoa, nahiz eta bere lana miretsi dezakedan. Artista osoa izateko jendearekin enpatia izan behar da. Besteen biho-tzetara heldu behar da. Beste batekin hitz egiten ari naizenean ere artista naiz eta lan egiten ari naiz. Egiten dugun guztia da gure obra. Denok gara artistak eta gure dohainak garatzen ditugun heinean gauzatzen dugu gure artelana.

Zure lanetan gai nagusia natura da.

Naturan bakea topatzen dut. Gizakiak baretasuna behar du. Naturatik dator, eta ingurunea eraldatu duen arren, bere mediotik edateko beharra du.

Zer diozu Kortaberri tabernan ireki duzuen erakusketari buruz?

Manex Buronek eman digun aukera eskertu nahi dut. Beste hainbat tabernarik bezala, hausnarketa egin du eta bere lokalean arteari tokia egitea erabaki du. Tabernak edateko eta jendearekin egoteko tokiak dira, baina baita kultur guneak ere. Garai batean sagardotegietan bertsotan egiten zen eta egun taberna askotan ekitaldiak antolatzen dira. Manexek zer edo zer erakusteko aukera eskaini digu eta haikuak eta marrazkiak uztartzea erabaki dugu. Lan guztiak gastronomiari buruzkoak dira. Olerkiak plater txikien modukoak dira. Mendebaldeko poesia baino jangarriagoak dira, 17 silabako konposizio poetikoak baitira. Haikuak printzak dira, momentuak, ideiak. Bestalde, hizkuntza ezberdinetan idatzi ditut.

Zergatik?

17 euskaraz dira, sei gazteleraz, bi ingelesez eta bat japonieraz. Hizkuntza minorizatua ere handi izan daitekeela erakutsi nahi izan dut. Bestalde, munduko hizkuntza indartsuenari eta haikuenari ere tokia egin diet.

Zuk idatzi al duzu japonieraz?

Ez. Martin Jauregialtzok eta biok argazki eta olerki liburu bat argitaratu behar dugu eta guztiak euskaraz eta japonieraz daude. Arrasateko Goihata enpresak egin ditu itzulpenak: bai liburukoak eta bai erakusketakoa. Jauregialtzo Japonian izan zen eta han ateratako argazkietan oinarrituz idatzi ditut poemak.

Zergatik erabaki zenuten olerkiak japonierara itzultzea?

Argazkiak bertan atera zirelako, japoniar herria miresten dugulako, jende gehiagorengana heltzea nahi dugunean beti gaztelerara jotzen dugulako...

Urtarrila bukaeran Leire Santillanekin erakusketa irekiko duzu.

Urtebete eman dut eszedentzian eta denbora horretan poesiaren erabilerari buruz hausnartu dut. Esan bezala, poesia ez dago bakarrik liburuetan eta eskeletan. Toki guztietan dago eta erabiltzen jakin behar dugu. Poesia geldoa eta samurra aldarrikatu nahi dut eta Leire Santillan diseinatzaile urretxuarrari poesia jantzietan integratzea proposatu nion. Jantzi bat eskultura bat da eta janzten dugunean eskultura mugikorra bilakatzen da. Gainera, norberak bere kutsua ematen dio. Bere egiten du. Jantzi horrek mezu bat bidaltzen du. Diseinatzaileek oso ondo egin dute hori. "Non gogoa, han zangoa" mezua, adibidez. Gizarteari mezu positiboak eman behar zaizkio eta guk ere hori egin nahi dugu. Gure arropan jartzen duenak ondokoa hunki dezake eta hori oso garrantzitsua da.

Nola integratu duzue poesia jan-tzietan?

Ez dugu gainean idatzi: zinta ba-tzuetan idatzi dugu eta horiek arropari josita daude. Guztiak Leirek erakusketarako espresuki egindako jantziak dira. Batzuk dotoreak dira eta beste batzuk bakeroekin eraman daitezke. Berak T-monoak deitu ditu, t-shirt eta kimono arteko nahasketa baitira. Arropak manikietan jarriko ditugu eta argazkiak atera behar ditugu prozesua nolakoa izan den erakusteko. Argazkietan herriko neskak ageriko dira, arropa horiek soinean dituztela.

Ezin bukatu aste honetan Joxe Mari Lasa euskaltzale eta musikari urretxuarra hil dela gogoratu gabe.

Apala, jarrera onekoa, langilea eta herrigintzan jarduten zekiena. Guztiontzat, bere gertutasuna zela eta, anaia nagusi baten modukoa zen.