Azpeitia. Azpeitiko Kultur Mahaiak gaurtik aurrera kudeatuko du Sanagustin kulturgunea. Era berean, ekipamenduak ostalaritza zerbitzua eskainiko du aurrerantzean (tabernaren inaugurazioa gaur izango da, 20.00etan).
Kultur Mahaiatik azaldutakoari eutsiz, taberna "kulturgunean egitarau aberatsa antolatu ahal izateko beharrezkoa den diru iturri propioak lortzeko tresna" izango da.
Beraien esanetan, Sanagustinekoa "Azpeitian kultur arloa gehiago indartzeko proiektu eta erronka haundia da".
Ekipamenduak "Euskal Herriko hainbat lekutan dauden kafe antzokien erara" funtzionatuko du. Hori dela eta, Kultur Mahaiak Sanagustin kudeatzeko kooperatiba bat sortu du (plantilla finkoan zortzi langile ariko dira eta unean uneko langile laguntzaileek ere jardungo dute).
Kooperatibak Udalarekin eraikinari buruzko kontratua sinatu du. Bertan adostutakoaren arabera, Udalak ordaindu du ostalaritzako zerbitzua eskaini ahal izateko egin behar izan diren obren kostea.
Hala ere, kooperatibak aurreratutako dirua itzuliko dio Udalari "hileroko kanon baten bidez".
Kulturguneko programazioa, plantilla eta gastu arruntak ere kooperatibaren kontu joango dira eta "Udalarentzat ez da gastua izango".
Kultur Mahaiak jakinarazi duenez, Sanagustin kulturgune osatuaren irekiera arriskuan izan da, "Jose Mari Bastida Azpeitiko alkate ohiak proiektuaren aurkako bi salaketa ipini dituelako". Salaketa bat obrei buruzkoa izan da, "azken baimena lortzeko Gipuzkoako Foru Aldundiaren sinadura falta zelako" (Udalak dagoeneko lortu du falta zen sinadura hori). Beste salaketa ostalaritzako 25 metroko distantziaren Udal ordenantzari buruzkoa izan da, "ez dela betetzen esanez".
Udalak maiatzaren 5eko plenoan erabaki baten bidez erantzun zion hari, "Sanagustin udal eraikin bat dela eta udal intereseko proiektua dela esanez". Hala ere, Bastidak EAEko Auzitegi Nagusira jo du.