Irun. “Meritua badaukazue!” Alarde tradizionaleko kide bat hesiaren atzetik burua altxatuz San Juan plazara begiratzen zuten bi neskei hala mintzatu zitzaien. “Goizeko 4.00etatik gaude hemen lekua hartzen, ez zaitezte aurrean jarri!”, ari ziren bi gazteak. Eta txilibitua eskuan zuena, noski, alde batera egin zen. Hatxeroak beraiek ere egin ziren alde batera, publikoari ikuskizuna ez oztopatzeko.

Izan ere, goizeko ordu txikitan etxera bueltatu baino, etxetik irten ziren atzo irundar gehienak. Soineko edo praka txuriak jantzi, zapi gorriak lotu eta makilatzeko denbora ere topatu zuten neska gehienek. Baita oraindik aulkietan doazen haur txikiak apropos janzteko ere: kantinera eta soldadu gaztetxo asko zeuden goizean kalean. Alardean atera behar zutenak konpainiekin bildu, kantinerak etxean jaso eta hasi ziren danbor eta txilibituak jotzen. Haien senide eta beste milaka irundar, San Martzial kaleko hesiaren atzean jarri ziren, lehenengo filan egongo zirela ziurtatzeko.

6.00etarako, jada, dianak jo zuenerako, San Juan plazan eta inguruetan jendetza zegoen. Oraindik, hala ere, ordu eta erdi baino gehiago zuten aurretik Alardea ikusteko. Normala denez, urduritasuna eta ezinegona nagusi ziren 7.30ean: San Martzial kaleko bazterrak lepo, kalea hutsik eta guztiak isilik. Telefono mugikorren melodiek bakarrik hautsi zuten bost minutu inguruko isilunea. Kornetina entzun zuten orduan, 7.40ean, eta haren ondorengo txalo ozenen artean ekin zioten hatxeroek Arrankadari.

Konpainia guztietako kantinerek onartzen dute Arrankada hori izaten dela Alardearen une hunkigarrienetakoa. Hatxeroen erritmo azkarra jarraituz, minutu eskas batean egin zituzten guztiek Urdanibiatik San Juanerako metroak, aldapan gora izan arren. Une berezi horretan, baten bati eskopetako tiro batek ihes egin zion, eta gainerakoen errieta jaso zuen.

Komunikabideak, Udaletxeko balkoian ordezkari politikoak (Jose Antonio Santano alkatea buru) eta, batez ere, hesi atzeko ehunka lagunak zituzten zain goian, baita San Juan Harria ere, plazako lanak direla eta kendu ondoren, berriz ere bere lekuan baitago tente. Obren ondorioz leku eskasagoa izan zuten, baina puzle perfektua osatu eta sartu, sartu ziren Alarde tradizionala osatu zuten 8.000 soldadu eta kantinerak.

Besteak igo bitartean, hori bai, lagunekin argazkiak atera eta pote bat hartzeko aprobetxatu zuten irundar askok. Tartean, euskara, gaztelania eta frantsesa entzuten ziren lagunarteko hizketaldietan. Konpainiak plazara iristen ari zirenean oraindik, su artifizial bat bota zuten plaza atzetik.

8.20ean heldu zen generala, Satur Ibargoyen, San Juan plazara. Tropen ardura hartu eta errebista pasa ondoren, hiriko banderaren bila joan ziren, ohi bezala, Bidasoa konpainiakoak. Kantinerak emozioa ezin izan zuen ekidin eta banderari musu bat ere eman zion, San Martzial himnoa entzuten zen bitartean.

Kargak etorri ziren ondoren. Lehena, nahiko ondo; bigarrena, kaskarra eta jendearen kexak piztu zituen. Ibargoyenek errepikatzea erabaki zuen eta, ondorioz, hiru ordez lau deskarga egin zituzten San Juanen soldaduek plazatik aldendu baino lehen. “Bueno, ez da ezer pasatzen errepikatzeagatik. Dena ondo doa eta aurreikusitako ordutegian ari gara”, aitortu zuen generalak.

Izan ere, urtero bezala, justu-justu 10.10erako bukatu zuten desfilea Alarde tradizionalekoek Urdanibia plazan. Ondoren, San Martzialen izan zuten hitzordua.