"San Vicentekoak koxkeroak, Santa Mariakoak josemaritarrak eta hiriko besteak kaskariñak". Hala definitzen zituen donostiarrak esaera zahar batek. Orduan ez zegoen egiatarrik, amaratarrik, intxaurrondotarrik. Auzo berrien sorrera eta hiriaren hazkundeak jentilizio berriak ekarri ditu, baina garai bateko hiritarren izenek hor jarraitzen dute: Josemaritarrak Raimundo Sarriegik gogoratu zituen San Sebastian Martxan, esaterako.

Gipuzkoa guztian bizirik daude aspaldian herritarrek (edo ondoko bizilagunek, malizia puntu batekin askotan) jarritako ezizenek. Animalia izenak, lanbideak, landareena, izenondoak... Denetarik dago lurraldean zehar.

Donostian, esan bezala, garai batean Santa Maria elizaren inguruko bizilagunak ziren josemaritarrak, portuaren ingurukoak; aurrez aurre, herriko beste elizako bizilagunak zituzten, koxkeroak: izen honen jatorria San Vicente elizan bertan dago. 1574. urtean amaitu zuten elizaren eraikuntza eta hiru nabe osatu zituzten ordurako, baina laugarren bat eraikitzea ere pentsatuta zuten. Horregatik, laugarren horren arkuak eta egitura sustengatzeko, alde bateko harriak prest utzi zituzten, paretatik kanpora. Laugarren nabea ez zuten eraiki eta kanpora ateratzen ziren harri horiek bistan geratu ziren: "Koxka batzuk geratu ziren alde batean eta horregatik hasi ziren josemaritarrak San Vicentekoei koxkero deitzen", azaldu du Felix Garitano apaizak.

Josemaritarrak eta koxkeroak ez zirenak, hau da, egungo Alde Zaharrekoak ez zirenak, aldiz, kaskariñak ziren, eta ezizen hori ere en-tzuten da egun donostiarretaz ari-tzeko.

bidasoa

Bikingo eta ITV artean

Hondarribitarrei bikingoak esaten diete. Zergatik? Inoiz Europa iparraldeko herritarrak Hondarribian izan zirela eta, haien eta haien oinordekoen eraginari esker, herrian ilehori eta begi kolore argiko pertsona gehiago daude. Zer den benetako historia eta zer kondaira, batek daki, baina kostaldeko herritik paseatzea nahikoa da gainerako lurraldean baino ilehori eta begi argiko pertsona dezente gehiago daudela ikusteko.

Horrelako izengoitirik ez, baina azken urteotan zabaltzen ari da, irundarren artean bereziki, ITV delakoa: Irunés de Toda la Vida. Kontuan hartu behar da Bidasoako hirian beste erkidego eta herrietatik heldutako biztanle asko daudela eta horrek nolabait ITV terminoaren zabalkuntzan eragina izango zuela. Egun, Kasinoak ITV saria ere bana-tzen du urtero, hiriaren alde lan garrantzitsua egin duen herritar baten omenez.

oarsoaldea-buruntzaldea

Trapujalearen epaiketa

Lezoko kaleetan datorren astean Trapujalea ikusiko dute herritarrek, hain zuzen, Inauterien ondoren sardinaren ehorzketaren ordez pertsonaia fantastiko hori epaituko baitute. Trapujaleak, hain zuzen, lezoarrak ziren, garai batean, an-tza, oso pobreak zirelako. Izengoitiarekin pertsonaia fantastikoa asmatu eta orain kalera ateratzen dute urtero Inauterietan.

Errenterian galleteros ezizena ohikoa zen duela urte batzuk, hain zuzen, gaur egungo Gernika plazan zegoen galleta fabrika bat zela eta. Ildo beretik eta Tolosan bezala, papelero terminoa ere erabili izan da.

tolosaldea

Landare eta barazki artean

Tolosaldean izengoiti gehienek animalia edo landare eta barazkiekin zerikusia daukate. Andoaingo on-tzetatik hasi, Amezketako euliak eta Abaltzisketako txalburuak arte. Alkizan oiloak dira, eta horren lekuko da bertako toki aldizkariaren izena: Oilategitik. Anoetan, aldiz, kukuak omen dira, eta urtero haien jaiak iragartzeko maskota, hain justu, kukua izendatu dute.

Alegian, bestalde, txintxarriak dira. Badirudi garai batean burdinola asko zeudela eta horietan txintxarriak egiten zituztelako sortu zela ezizena. Egun, Txintxarri Kultur Elkartea dago Alegian, besteak beste, abesbatza eta guzti. Gainera, Anoetan bezala, hemen ere herriko jaietan txintxarri handi bat bihurtu dute protagonista.

goierri eta urola garaia

Ijituen festa

Kilometro gutxi batzuk barrurago Itsasondoko ijitoak bizi dira. Duela urte batzuk guraso elkarteak Ijito Eguna antolatzea erabaki zuen eta pasa den larunbatean, hain justu, haien ezizenaren omenezko festa ospatu zuten. Herrian inork ez daki zehatz-mehatz nondik sortu zen: "Errekak gora egiten zuenean jendeak bere trasteak hartu eta mendian gora joaten zela entzun dut. Horregatik izan daiteke", proposatu du Maite Riaño larunbateko festako antolatzaileetako batek. Horregatik edo beste zerbaitengatik bada ere, itsasondoarrak ijito dira eta harro daude, ijito jantziak soinean eta festa giroan erakutsi zuten bezala.

Beasaingo bareak eta Ordiziako azak ere hor daude, nor baino nor. Ez dago oso garbi ezizenen jatorria, baina beasaindarrek barneratuta dute bareak direla eta bertako merkatariek ere izen hori aukeratu dute. Ordiziar batzuk, bizilagunen izengoitia aprobetxatu eta herriko jaietan barea erretzeko ekitaldia asmatu zuten.

Azkarrak izan ziren ordiziarrak eta azkarragoak lirateke, izenez behintzat, Idiazabalgo axeriak. Seguratarrak, ordea, zopajale onenak omen dira, izengoitia zeinek jarri zien jakin gabe.

Ormaiztegiko harrikalariak eta Gabiriako makilariak hor daude, Lazkaoko antzarrak, Zaldibiko arkakusoak, Zegamako beleak (horiek ere belea ehorzten dute festetan) eta baita Urretxu eta Zumarragako otamotzak ere (Otamotz aldizkaria existitzen da egun). Legazpiarrak ilintxak omen dira: ikatzarekin zerikusia duen terminoa eta, badirudi, herriaren iraganari erreferentzia egiten diola.

urola erdia eta kosta

Nik zuri sakel, zuk niri zapo

Azpeitia eta Azkoitiaren arteko lehia izengoitietan ere antzematen da: azpeitiarrentzat bizilagunak sakelak dira eta azkoitiarrentzat ondokoak zapoak, nahiz eta izen horien oinarria oso garbi inork ez duen.

Kostalderago, korrokoiak omen dira zumaiarrak, oriotarrentzat zarauztarrak haizeak gidatzen ditu eta Zarauzkoek ijito deitzen diete bizilagunei, itsasondoarrei bezala.

debagoiena eta debabarrena

Industria izenak

Debagoienan beste izengoiti bitxi bat dago: oñatiarrak txantxikuak dira. Aipatutako beste herrietan bezala, hemen ere txantxikua Oñatiko festetako protagonista bihurtu dute herritarrek.

Orain arteko ezizen gehienak naturarekin erlazionatuta bazeuden, batez ere Tolosaldea eta Goierriko herri txiki gehienen landa izaera dela eta, kasu honetan Debagoieneko herri nagusietan ezizenak leku bakoitzean indarra hartu zuen industriari dagozkio nagusiki: Arrasatearrak zerrajeroak dira eta langileentzat mahoizko galtza urdinak egiten zituen lantegia zela eta, bergararrak mahoneroak dira oraindik.

Industriak Debabarreneko herrien nortasunean ere eragina izan zuen, eta armero bezala bataiatu zituen, esaterako, eibartarrak. Baina animalien izenak dituztenak ere badira eskualdean: debarrak tarinak dira, adibidez. Haien bizilagun mutrikuarrak, bestalde, lapazorriak.