donostia. "Jende gehiegi edo, hobeto esanda, kotxe gehiegi daude". Horrela zioten Marije Sarobe eta Begoña Arruebarrena donostiarrek. Mendian ibiltzea gustuko dutela eta noizbehinka gertura-tzen dira Artikutzaraino. Urtean zehar topatzen duten panoramak eta atzokoak, ordea, ez zuten zerikusirik.
San Agustin eguna ospatu zuten atzo Donostiak 1919.ean erositako Goizuetako auzoan eta, gainerako egunetan ez bezala, festa egunean errepidea autoei zabalik izan zen egun guztian zehar. Autoek aukera ez zuten galdu eta goiz guztian zehar sartu ziren banaka, binaka eta baita launaka ere. Udaltzaingoaren lana beharrezkoa izan zuten jendea alde batera eta bestera mugitu eta kotxeei bidea zabaltzeko.
Izan ere, milaka pertsona bildu ziren goizetik Artikutzan. 11.00etan ermitan meza nagusia ospatu zuten San Agustinen omenez eta, ondoren, musika, edaria, jana eta kirolaren txanda izan zen. Eguerdirako, bi tabernetako eta Ataungo talogileen barretan kolak sor-tzen hasi ziren eta frontoian ikusleak pilatzen. Pilotan Oiartzun eta Goizuetako eskoletako jokalariak aritu ziren nor baino nor eta, binaka, bi herrietako pilotariak nahastuta ere aritu ziren.
13.00etarako txoko gutxi geratzen ziren Artikutza herriguneko zelaietan edo petriletan, han eta hemen lagun taldeak baitzeuden, sagardo botila erdian eta bokata edo taloa eskutan, gehienetan. "Pilota partidak bukatu eta ia dantza pixka bat egiten dugun joan baino lehen", zioten Sarobe eta Arruebarrena donostiarrek. Kotxea Eskaseko guardaren etxean utzi eta oinez egin zituzten herrigunerainoko ia sei kilometroak, aldapan behera. Etxetik ekarritako bokadilloa jan eta buelta zuten zain, aldapan gora, ordea.
Maite Zubiri eta Maite Sorondo lagunek ere oinez ibiltzeko aprobetxatu zuten Artikutzara bisita. Kotxean heldu ziren Donostiatik herriguneraino, baina handik urtegiari buelta eman zioten oinez, eguerdi aldera eta giroa jada bero-bero zegoela indarrak berreskuratzera gelditu baino lehen. Iaz ezagutu zuten San Agustin eguna Artikutzan, baina eguraldia kaxkarra izan zen orduan eta aurtengo egunpasarekin zerikusirik ez zuen izan. Dena den, lekua bisitatzeko urtean zehar ere gerturatzen direla aitortu zuten.
San Agustinekoa, ordea, egun berezia da eta Artikutza inguruko herri askotako jendearentzat urteroko topaleku bihurtu da. Hala gertatu da Engraxi Anzizarren-tzat, esaterako. Donamariatik (Nafarroa) Artikutzara bisita tradizio bihurtu du, eta lagun eta ezagunak ikusteko eguna ere bai. Atzo Eva alabarekin joan zen kotxean. "Baina jendea bizikletan ikusi dugu, ibilbideengatik galdetu dugu eta agian datorren urtean animatuko gara", aitortu zuen alabak.
Ondotik, orduan, kotxe artean beste bizikleta pare bat ari ziren Artikutzan sartzen, udaltzainen aginduak jarraituz zubia zeinek pasa behar zuen lehenago erabakitzeko. Pilota partidak bukatuta, frontoia musikaren esku geratu zen, baita dantzatzera animatu ziren bikote batzuren esku ere. Aurrerago, gaztetxoek pilotak eskuan pareta zati bat bereganatu zuten.
haur, gazte eta heldu Izan ere, atzo alde batera eta bestera begiratuta frogatutzat eman zitekeen adin guztiko jendearentzako festa dela dioen topikoa. Haurrak jolasean, gazteak taldeka poteatzen, guraso eta helduak alde batera eta bestera, mendizaleak makila eskuan eta umeak bizkarrean, aiton-amonak kontu-kontari...
Animaliak ere ez ziren falta. Esaterako, Errenteritik heldutako Enara Maizen txakurra. Familia guztia bertaratu zen Artikutzara, amona, bikotea, alaba eta, nola ez, baita txakurra ere. "Aspaldi etorri gabea nintzen eta azken urteotan eguraldi txarra zela eta ere ez nin-tzen etorri", zioen Maizek, San Agustin eguna gustuko duela aitortzearekin batera. Bikoteak ez zuen ezagutzen eta harrituta zegoen bildutako jendetza eta giroarekin.
14.00etarako edo gutxinaka lasaitu zen apur bat festagunea, goiz pasa joan zirenen kotxeak alden-tzen hasi ziren neurrian eta gainerakoak bazkaltzen ari ziren bitartean. Bazkaltzeko aukera zabala zen: etxetik ekarritako ogitartekoa jan zuten batzuek, besteek talo edo bokatak bertan erosi zituzten eta, beste hainbatek, kanpineko mahaia atera eta luxuzko janaria eraman zuten, lagunartean bazkaltzeko.
Bisita luzatzea erabaki zutenek, gainera, saria ere izan zuten bazkalostean. Sustrai Colina eta Andoni Egaña aritu ziren nor baino nor bertsotan, eta herri kirolak izan ziren frontoian (nafarrak gipuzkoarren aurka, berriz ere). San Agustinerako antolatutako programak berbena ere bazuen, arratsaldeko 19.00etan. Dena den, ordutik aurrera festa oraindik luzatu zuten gazte koadrila askok.