Legorreta. Kultur Astearen baitan, hainbat ekintza antolatu dituzte Legorretan. Besteak beste, gaur II. Laburmetrai Lehiaketako lanak aurkeztuko dituzte 20.30ean.
Fernando Oliveiraren pintura erakusketa zabalduko dute gaur, 9.00etan, Aldaieta jubilatu tabernan. Arratsaldez, 19.00etan, buruhandiak eta Nola bizi parkinsonarekin hi-tzaldia izango dira herriko zineman. Ondoren, 20.30etik aurrera, II. Laburmetrai Lehiaketara aurkeztutako lanen emanaldia hasiko da. Horren ostean, Tierra dokumentala proiektatuko dute, gainera.
Bihar, aldiz, 15.00etan, haur hezkuntzako ikasleek triziklo, moto edo patinetez irteera egingo dute eta baita murala margotu ere. 16.30ean pote, igel eta toka txapelketak izango dira jubilatuentzat. Ondoren, 19.00etatik 20.00etara, bidezko merkataritzako salmenta izango da apaiz etxean eta ordu berean, gainera, buruhandiak eta Legorparty 2009 ordenagailu topaketaren hasiera izango dira kultur etxean.
Larunbatean, mendi irteera, haur jolasak, bidezko merkataritza salmenta eta Txalo Taldearen Ate Joka emanaldia izango dira, azken hau herriko zineman 22.30etatik aurrera. Igandean12.00etan, herri kirol desafioa antolatu dute Gazte Piku eta Gain Eder harrera etxeko gazteen artean eta 13.00etan patata tortilla lehiaketari ekingo diote.