Joseba Etxeberria Eibarreko entrenatzaileak atzo adierazi zuenez, hurrengo aurkari izango duten Andorra talde “praktikoagoa da” entrenatzailea aldatu zutenetik, eta partida guztietan dena jokoan dutela ohartarazi zuen. Eibartarrek bihar jokatuko dute printzerrian (16.15ean)

Andorra

Ferran Costa eseriko da Andorraren aulkian Eder Sarabiaren ordez, bolada batez Toni Astorganok taldearen ardura hartu ostean.

“Joko praktikoagoa egiten ari dira, ez dituzte jokaldiak hainbeste lantzen. Azken bi garaipen hauek konfiantza emango zieten. Maila handiko jokalariak dira, teknikoki kalitate polita dute”, esan zuen Elgoibarko entrenatzaileak jardunaldiaren atariko prentsaurrekoan. Eibarrek etxetik kanpo irabazi behar duela esan zuen armaginen entrenatzaileak, sailkapeneko goialdean mantentzeko “Ipuruako puntuak nahikoa ez direlako”.

Etxeberriak sakon aztertu omen du Andorra berria, bai eta euren jokalariak ere, eta “futbolari bikainak” dituenez, partida “korapilatsua” espero omen du.

Jokalari bikainak

Andorra hemeretzigarren postuan dago salbaziotik bi puntu eskasera: “Salbazioa dute jokoan. Gu berriz, aurreko eguneko porrotaren ondoren – Teneriferen aurka 2-1 – irabazi beharrean gaude. Premia horrek agian mesede egingo digu kontzentratuago egoten, partida lehen minututik ongi hasteko”.

Etxeberriak garbi esan zuen bere taldeak “partida lehiatzen jakin beharko duela, talde fidagarria izatetik hasita. Halako berdintasuna dagoen lehiaketan xehetasunik txikienak ere oso garrantzitsu bihurtzen direlako”.

Joseba Etxeberriaren artxiboko argazkia

Lehen itzulian Ipuruan jokatutako partidan bi taldeek berdindu egin zuten (2-2).

Andorrako taldean Jon Karrikaburu ari da, Realak neguko merkatuan utzita, eta bi gol sartu ditu azken bi jardunaldietan; Sanseko beste bi jokalari ohi ere badabiltza, Alex Petxarroman eta Julen Lobete.