Eibarreko entrenatzaileak, Joseba Etxeberriak, atzo adierazi zuenez, hurrengo aurkari izango duten Mirandes (bihar, 20.30ean), gero eta “talde hobea” izaten ari omen da. Armaginak bigarren itzuli honetako hirugarren garaipena jarraian eskura-tzen ahaleginduko dira Ipuruan Burgosen aurka.

Etxeberriaren hitzetan, “talde gaztea da, zortzi partida daramatzate galdu gabe, eta estu hartuko gaituzte”. Mirandesek ez du golik jaso azken hiru partidetan; horrek argi erakusten du talde ordenatua dela, baita “hankak fresko dituzten jokalariak ere, eta oso jokaldi landuak eta zehatzak egietara behartuko gaituzte”.

“Ipuruan erasorako ahalmen handia dugu, ordea. Baloia nahi izaten dugu, eta Racingen aurkako partida hartu behar dugu eredutzat, oso aukera gutxi egin zizkigutelako, lehen itzulian golik gehien egin zituen taldea izanik”, esan zuen Elgoibartarrak.

Armaginen entrenatzailearen iritziz, Eibarrek badu oraindik gainditu ez duen gabezia bat, alegia, Huescaren aurkako bigarren zatiaren hasieran gertatu bezala, izugarri zigortzen dituzten deskonexioak eta hutsune-aldiak hobe-tzea. “Ezin diogu aurkariari aurrena kolpea ematen utzi, gero erreakzionatzeko. Kontzentrazio-maila gorena izan behar dugu beti”, zehaztu zuen.

Bere ustez, lehiaketa guztian sasoirik onenean dagoen taldetako baten aurka garaipena lortuz gero, igoera zuzeneko postuetan koka daiteke Eibar.

Mirandes entrenatzen aritu zenean oso garai onak bizi izan zituela aitortu zuen, eta horregatik ostiralekoa partida “oso berezia” izango dela berarentzat. “Orain aurkari ditut lehiaketan, ordea, eta onena opa diedan arren, puntuak hemen geratzea lortu behar dugu”, esanez amaitu zuen.

Yerai Martinek berritu

Bestalde, Eibarrek eta Yerai Martinek akordioa lortu dute kontratua beste denboraldi baterako luza-tzeko. Beraz, emakumezkoen lehen taldeko entrenatzaileak 2025era arte jarraituko du talde armaginean.

Yerai Martin 2022an iritsi zen Eibarrera, eta taldea F Ligara igo zuen iaz. Andoaindarraren agindupean, Lehen Mailara igotzea lortu zuen Eibarrek, hamahiru garaipen, hamalau berdinketa eta soilik hiru porrot jasota. Gainera, maila guztian gol gutxien jaso zituen taldea izan zen.