Eibarreko entrenatzaileak, Gaizka Garitanok, derrigor irabazi beharreko “finala bailitzan” egingo dio aurre Racingen aurkako neurketari igandean (14:00etan). Bere taldeak zazpi jardunaldi jarraian irabazi gabe badaramatza ere, “bizirik daudela” ziurtatu zuen, “sentsazio onak ditugu, segidan partida asko irabazi ditugun beste bolada batzuetan baino hobeak”.  

“Finala da eta irabaztea beste helbururik ez dugu”, adierazi zuen Garitanok prentsaurrekoan. Talde aurkaria “asko hobetu dela” ere esan zuen, “zelai erditik aurrera talentu handia dute; golak eta jokaldi onak egiteko gai diren futbolari bikain ugari dituzte”.  

Eibarreko entrenatzailearen iritziz, Jose Alberto Lopezen taldea “oso eraginkorra da”. Zelaiaren erasoko azken herena zapaltzen dutenean, maila handiko hiruzpalau jokalari ditu. Talde trinkoa dira eta oso ongi moldatzen ari dira; eta zer esanik ez, etxean, zaleen aurrean eta zelaia ia beti beteta egoten denez, giroa oso aldeko izaten dute. Jokatzeko partida bikaina izango da”, adierazi zuen.

Inolaz ere, Derioko entrenatzaileak partida zaila espero du, “Racing ez dagoelako matematikoki salbatuta. Ez dugu huts egiteko tarte handirik, eta emaitza ona lortu behar dugu, azken bi jardunaldietan beste inoren menpe ez egoteko”, ohartarazi zuen.

“Golak egiteko orduan ez gara asmatzen ari, eta horretan hobetu behar dugu. Baina aukerak sortzen jarraitu behar dugu, kontrako zelaian presioa egiten, jokoa menderatzen eta aurkariari aukerarik ez eskaintzen; hartara, gauzak bere onera etorriko dira berandu baino lehen” azpimarratu zuen. 

Santanderren, 1.200 zaletik gora izango dira armaginei babesa ematen,  eta gipuzkoarren entrenatzaileak eskerrak eman zizkien aldez aurretik.