- Neguko fitxaketen merkatua puri-purian dago, eta horrek badu eraginik Realean, zeharka bada ere. Rafinha fitxatu ondoren, Jokin Aperribay presidenteak argi utzi zuen klubak ez duela urtarrilean jokalari gehiago fitxatzeko asmorik; Alexander Isak protagonista izan daitekeen irteeren atalak, ordea, zeresanik eman lezake oraindik ere. Arsenalek aurrea hartu omen dio Bartzelonari suediarra kontratatzeko lehian, Kataluniako prentsak argitaratu duenez.

Igande honetako Elnacional.cat webguneko albiste batek aipatzen duenez, Barcak Anoetako bulegoekin harremanik izan omen du, eskandinaviarraren aukera hazta-tzeko. Aipatutako hedabidearen arabera, jokalariak begi onez ikusten omen du Camp Noura joateko aukera, eta gainera, Xavi Hernandezen gustukoa omen da. Lehen hartu eman horretan Realak argi utzi omen du ordea, jokalariak 90 milioiko etete-klausula duela, une honetan Bartzelonarentzat ordain ezinezkoa, noski.

Egingarriagoa dirudi, baina, Arsenalek aurrelariagatik kopuru horren ingurukoa ordaintzea erabakitzea. Isak kontratatzerako lehia horretan, ElNacional.cat-ek dioenez gunners-ak aurreratu egin omen zaizkio Barcari. Aubameyang eta Lacazette Londresko taldetik irtetear daude, eta Mikel Artetaren taldea maila oneko aurrelari baten bila dabil. Ingalaterrako prentsak ere aipatu du azkenaldi honetan, Arsenal mugimendu azkarren bat egitekotan ote dabilen. Alegia, Bartzelonaren interesa datorren udarako izango litzatekela, eta gunners-ek aldiz, berehalako premia izan lezakete, neguko merkatu honetan bertan Isak kontratatzeko eskaintza plazaratuz.

Negoziazioei ekin eta trukerako jokalaririk eskain-tzekotan, Martin Odegaard ez litzateke inolaz ere egongo zerrenda horretan. Arazo fisikoen eraginez kanpaina hasiera zaila izan badu ere, norvegiarrak azken hilabete honetan bere mailarik onena eskaini du gunner-ekin dagoenetik, eta une honetan pentsaezina da Londreskoak Martin trukatzeko prest izatea. Erdilariak apenas jokatu zuen denboraldiaren hasieran, baina azaroko nazioarteko geldialdia inflexio-puntu nabarmena izan zen berarentzat. Norvegiako selekzioa Munduko Txapelketatik kanpo geratu arren, Odegaard indarberrituta itzuli zen Londresera, eta, azkenaldian, taldearen erasoko erreferentzietako bat bihurtu da, Mikel Arteta entrenatzaile donostiarrak erabili ohi duen 4-2-3-1 eskemaren baitan.

Isaken egoera aztertzerako orduan, azpimarratzekoa da Aubameyang Arsenal taldetik barruan baino kanporago dagoela diziplina kontuengatik; eta Londresko taldearen beste aurrelaria, berriz, Lacazette frantziarra, bere kontratuaren azken urtean murgilduta dago, eta horrek salmentaren bat egitea behartu ditzake gunners-ak, bere irteerari onura ekonomikoren bat ateratzeko. Oraindik lau aste luze falta dira merkatua ixteko.

Ekainaren 30era arte. Urte berriaren hasierak, beste klub ba-tzuekin negoziatzeko askatasuna ekarri die kontratua datorren ekainaren 30ean amaitzen zaien hiru jokalariri. Monreal, Silva eta Januzaj dira hiru horiek. Nafarraren eta kanariarraren adinak kasu berezi bihurtzen ditu eurenak, ez baitago jakiterik haien kirol-ibilbidearekin zer gertatuko den. Januzajri dagokionez, klubak kontratua berritzeko eskaintza luzatu dio, baina oraingoz ez da erantzunik izan. Leipzigek utzita jokatzen ari den Sorlothekin aldiz, Realak 15 milioiko erosketa aukera aurreikusi zuen kontratuan.

Kortajarena, Calahorrara. Harrobiko beste jokalari batek, Iker Kortajarenak, Calahorran jokatuko du denboraldia amaitu bitartean. Hala iragarri du cazurreando.com webguneak. 21 urteko erdilari aurreratu honek denboraldi-aurrea Sanserekin hasi zuen, eta ondoren Real Cra itzuli zen.