REAL SOCIEDAD B Ayesa; Blasco (Magunazelaia, 81. min), González de Zarate, Pacheco, Martín; Pokorny (Valera, 85. min), Turrientes, Robert Navarro (Alkain, 68. min); Naïs (Olasagasti, 68. min), Lobete eta Karrikaburu.

VALLADOLID Masip; Nacho Martínez, El Yamiq, Sánchez (Oliva, 75. min), Luis Pérez; Toni (Kike, 81. min), Roque Mesa, Aguado (Christo González, 75. min); Gonzalo Plata (Sergio León, 63. min), Óscar Plano eta Weissman (Rubén Alcaraz, 75. min).

Golak 0-1, 60. min: Weissman. 0-2, 95. min: Luis Pérez.

Epailea Pulido Santana (Las Palmas). Txartel horiak: Pacheco eta Javi Sánchez.

Jazoerak Hogeita batgarren jardunaldiko partidua, Anoetan 2.000 zale inguru bildu zirelarik.

- Sansek ezin zuen irabazi atzo, nahiz eta gogo handiekin izan eta lehen taldean jolasten duten gazteekin jokatu. Garaipenik lortu gabe bost jardunaldi daramatzan txuri-urdinen bigarren taldeari izugarri kostatzen zaio partidetan nagusitu, eta animoan zein sailkapenean bultzada handia emango liokeen garaipena lortzea. Une honetan, -etengabe animatu zuten Bultzada taldeko 100 lagunen ahaleginak ahalegin- oso itxura hotza erakutsi zuen Anoetan, Valladoliden aurka 2-0 galdu ondoren, Reala B azken-aurrekoa da sailkapenean, salbazio postuetatik sei puntura.

Denboraldi honetan Donostiako estadioan garaipena lortu duen zazpigarren taldea izan da Valladolid, eta premiazkoa da txuri-urdinen bigarren taldeari laguntzeko neurriak hartzea.

Xabi Alonsok bere jokalaririk onenak erabili ahal izan zituen lehen aldiz, Villarrealen aurkako deialdian egondako Pacheco, Turrientes eta Robert Navarro tarteko; beraz, talde txuri-urdinak kalitate handiko hamaikakoa aurkeztu ahal izan zuen, Valladolidek aldez aurretik espero zuena baino aurkari arriskutsuagoa.

Beldurra Pucelako taldeak eragin zuen, ordea, Anoetara etorri aurreko inertzia positiboa baliatuz. Valladolid nagusi izan zen lehen zatian, VARak ez zion eman itxura batean merezitako penalti bat, eta soilik Turrientesek sortu zuen kezka txikiren bat, lehen zati lasaia izan zuen Masipen ate inguruan.

Bigarren zatian ere jokoa antzera ibili zen eta Valladolidek gola lortu zuen Weismannen bitartez; Toni Villaren jokaldia ederki amaitu zuen, partidan zehar geldiketa onak egin zituen Ayesa oso fin ibili ez zelarik.

Xabi Alonsok ahalegin guztiak egin zituen partidaren azken txanpan; asko arriskatuz, Magunazelaia aurrelaria sartu zuen Pacheco atzelariaren ordez; Olasagasti, Alkain eta Valera ere zelairatu zituen; Valladolid, ordea, oso sendo aritu zen. Lobete eta Valera bi aldiz errematatzeko gauza izan ziren, baina atea topatu ezinik.

Eta gipuzkoarrak itsu-itsuan erasoan zebiltzala, etsita berdinketaren bila Ayesa korner bat errematatzeko asmoz kontrako arean zegoenean sartu zuen Valladolideko Luis Perezek behin betiko gola.

Reala Bk nola hala erreakzionatu beharra dauka, eta hurrengo aukera Eibarren aurkako derbian izango du, Urtezahar egunean.