Joan den igandeko ezusteko garaipenaren ondorioz “aje emozionalarekin” jarraitzen badu ere, biharkoari begira “urduri baina gogotsu” daudela dio Izaro Lestayok (Getaria, 1998), izan ere, ametsa zirudien bandera hatz puntekin ukitzen ari baitira Tolosaldeakoak. “Argi dago banderaren bila joango garela”, aurreratu du patroiak. 2012. urtean hasi zen arraunean, Getariako traineruan, eta Tolosakoan urtebete eskas daraman arren, “lagun artean” sentitzen dela azpimarratzen du.
Egun batzuk igaro diren honetan, zein sentsazio duzu joan den igandean gertatutakoaren inguruan?
Oraindik ere kostatzen zait asimilatzea. Hurrengo egunean, astelehenean, entrenatzeko elkartu ginenean, bezperan gertatuko guztia komentatzen aritu ginen, egindakoari buruz hitz egiteko beharra genuen. Oso emozionatuta gaude. Kontxan estropada bat irabaztea amets hutsa zen guretzat eta oraindik aje emozionalarekin gaude.
"Garaitzeko ahalmena genuela esaten zigun udan zehar entrenatzaileak, baina liga bukatu zen eta esku hutsik joan ginen"
Azkeneko metrotan, tripulazioari hitz bat oihukatzen entzun genizun: “Sinistu!”.
Garaitzeko ahalmena genuela esaten zigun udan zehar entrenatzaileak (Ramon Erostarbe). Baina liga bukatu zen eta esku hutsik joan ginen, garaipenik gabe. Horregatik, azkeneko metrotan, irabazteko aukera genuela ikustean, “sinistu ezazue” esaten nien, baina egia esateko nik neuk ere ez nuen sinisten zer gertatzen ari zen.
Gertatutakoa ez da, ordea, zorionaren ondorio izan. Atzetik lan handia dago, ezta?
Arrauna oso kirol exigentea da eta beste taldeek bezalaxe, astean sei egunetan entrenatzen dugu. Gure kasuan, negua gogorra izan da, gogor entrenatu dugulako. Uretan entrenatzeaz gainera, gimnasioan ere aritu gara, giharrak indartzen. Eta emaitza ikusita, merezi izan du egindako lan guztiak.
Garaipenak sentsazio gozoak ematen baditu ere, txanponaren beste aldean, presioa areagotzen duela esango zenuke?
Orain Banderaren bila goaz, hori argi dago. Igandekoak espektatiba asko piztu ditu guregan, baina lau traineruen artean lau segunduko aldea dagoela kontuan izanda, ez dago ezer erabakita eta horrek zerotik hastea suposatzen du. Urduri gaude, baina batez ere gogotsu.
“Patroiaren lanak dakarrena jakinda, ahizpa txikia popan tente jarrita ikusteak urduri jartzen zuen Leire”
Nolatan hasi zinen arraunean?
2012. urtean hasi nintzen arraunean, 14 urte nituela. Etxekoek lotura estua dute arraunarekin: lehengusu guztiak arraunean aritu dira, eta nire ahizpa, Leire, ere, nahiz eta orain erretiratuta dagoen.
Ahizparekin batera ibili zara inoiz traineruan?
Getariako klubean patroi bezala zegoela hasi nintzen ni. Hasieratik patroi izatea egokitu zidaten eta, orduan, ahizpa arraunlari izatera pasa zen. Patroiak sikologikoki asko sufritzen du, asko desgastatzen du, eta ahizpari ondo etorri zitzaion aldaketa. Halere, patroiaren lanak dakarrena jakinda, nigatik sufritu zuen Leirek. Ahizpa txikia popan tente jarrita ikusteak urduri jar-tzen zuen. Horretaz aparte, oso esperientzia polita izan zen, berezia eta bitxia.
Arraunlari edo patroia izatea, zer nahiago duzu?
Beti ibili naiz patroi gisa, beraz, ezin dizut esan zer den hobea. Patroiak zama handia darama beregain, eta nahiz eta arraunik ez egin, tentsioaren ondorioz neka-neka eginda bukatzen duzu.
Emakumezkoen arraunean aurrerapausoak eman badira ere, asko dago egiteke?
Azkeneko urteetan aurrerapauso handiak eman dira. Komunikabideetan dugun presentzia, adibidez, areagotu egin da. Baina alde handiak daude oraindik, batez ere ekonomikoki. Zentzu horretan, berdintasunaren alde borrokan jarraitzen dugu.
"Oso ekipo polita da, lehenengo egunetik batu egin ninduten eta taldekide baino adiskide bihurtu dira"
Bihar gertatzen dena gertatzen dela, astelehenetik aurrera zer egingo duzu?
Lehenik, atseden hartu. Oso urte polita izan da, baina hustu egin gara. Indartu eta denboraldi berriari eustea da gure helburua.
Zein dira zure etorkizuneko erronkak?
Kirolari dagokionez, taldeari jarraipena ematea. Oso ekipo polita da, lehenengo egunetik batu egin ninduten eta taldekide baino adiskide bihurtu dira. Bestalde, odontologiako ikasketak bukatzea eta dentista gisa lanean aritzea da nire asmoa.