Joan den igandeko estropada itzelaren ondoren, biharkoan zer gertatuko den ez dago batere argi, baina Gorka Aranberri (Zarautz, 1987) bere zortzigarren banderaren bila aterako da ezbairik gabe. Urdaibaiko patroiak sentsazio onak ditu bigarren jardunaldiari begira, gainerako ontziekiko distantzia txikia izan arren.
Hondarribia oso gertu daukazue, eta gainontzekoak ere segundo gutxira… Nola daude animoak biharkoari begira? Zer moduz aritu zarete astean zehar?
Ondo. Astelehenean jai hartu genuen, atseden hartzeko, baina asteartetik aurrera egunero entrenatu dugu. Joan den igandeko esfortzuaren ondoren ondo errekuperatu gara eta ondo aritu gara lanean. Halere, azkar pasa da astea, nahi baino azkarrago. Kontxa ez da gauza txikia eta interes handia pizten du. Uda osoa arraunean eman dugu, baina badirudi bi asteotan gertatzen dela garrantzitsuena. Kontxako Banderak komunikabideetan oihartzun handia dauka eta aste osoa eman dugu kazetariei kasu egiten. Intensoa izan da.
“Zazpi bandera irabazi arren, biharkoa lehenengoa balitz bezala izango da niretzat”
Patroi gisa, Kontxako zazpi Bandera eskuratu dituzu orain arte: bost Urdaibairekin eta bana Orio eta Santurtzirekin. Arraunaren historian garaipen gehien dituen bigarren patroia zara. Zortzigarrena eskuratzeko aukera nola ikusten duzu?
Argi dago estropada irabaztera aterako garela, baina egia da lehia oso bizia izango dela.
Azkeneko bi edizioetan izan duzu bandera astintzeko aukera: 2021ean Santurtzirekin eta 2022an Urdaibairekin. ‘Infaliblea’ zara, ala?
(Barreak). Aita Manuel da orain arte titulu gehien eskuratu duen patroia, bederatzi banderarekin. Berak baino bi gutxiago izateak errespetu handia ematen dit, bandera asko dira, baina ez dut horretan pentsatzen. Biharkoa lehenengoa balitz bezala da niretzat.
“Uda osoan arraunean eman dugu, baina badirudi bi asteotan gertatzen dela garrantzitsuena”
Horrek presio handia sortzen dizu?
Duela hamabi urte, 2011n, Bermeora etorri nintzenetik, zazpi aldiz izan dut bandera eskuartean. Horrek bertigo pixka bat ematen du, baina konfiantza apur bat ere bai.
Aurreko asteburuan lehia oso gogorra izan zen. Azkeneko metroak “primeros” oihukatzen eman zenituen.
Estres handiko estropada izan zen; oso gogorra fisikoki, baina batez ere sikologikoki. Bigarren txandan arraun egitea egokitu zitzaigun, gure aurkari zuzenak lehenengoan arituko zirela jakinda. Gainera, bigarren txanda konplikatuagoa izan ohi da, eguerdian haizeak gora egiten duelako. Hori gutxi balitz, lehenengo txandako denboren konparatibarekin izandako arazoak urduri jarri gintuen. Erreferentziarik gabe arraun egin behar izan genuen.
Ziabogara iristean, ohorezko txandatik kanpo zeundeten, Hondarribiarekin 22 segundoko aldea izanik. Erreferentziarik gabe aritzeak kalte egin zizuen?
Alde batetik, urduritasuna sortu zigun, baina beste aldetik, momentu horretan bosgarren geundela ez jakiteak mesede egin zigun. Bueltako largoan, berriz, dena eman genuen eta sailkapenari buelta ematea lortu genuen.
“Bihar estresik gabe arraun egitea, hau da, arazo teknikorik gabe, hobekuntza handia izango da guretzat”
Biharko jardunaldiari begira, zein sentsazio duzu?
Batek daki zer pasako den, baina bihar estresik gabe arraun egitea, hau da, arazo teknikorik gabe, hobekuntza handia izango da guretzat.
Traineruaren alineazioari dagokionez, aldaketarik egongo da?
Plantilla guztia aritu gara entrenatzen aste osoan zehar. Biharkoan trainerua osatuko duen hamalaukotea zein izango den, ordea, oraindik ez dakigu. Egunean bertan iragarri ohi digu entrena-tzaileak.
Estropada bukatu ondoren, zer egingo duzu?
Galdu ala irabazi, estropadaren ondoren bazkaltzera joango gara. Gazteagoa nintzenean, garaipenak eta porrotak modu biziagoan bizi-tzen nituen, baina orain beste modu batera har-tzen ditut gauzak. Irabaztera aterako gara, baina galtzen badugu, ez da mundua bukatuko; astelehenean berdin joango gara lanera.