BEASAIN - Aitor Furundarenak hartu-eman handia du Beasaingo Ikastolarekin. Beti jartzen du bere aletxoa, bai musikari den aldetik, bai aita eta bertako kide izateagatik.

Aurtengo Kilometroak jaiak bere izena ere darama. Ikastolen festaren abestiaren parte da Furundarena. Bestalde, bertsolaitza, dantza eta musika uztartzen dituen ikuskizunean parte hartzen du.

“Hiru diziplinen loturak Beasaingo, Lazkaoko eta Ordiziako ikastolen lotura errepresenta-tzen dute”, azaldu du Furundarena musikariak.

Kilometroak 2021 Andramendi, San Benito eta Jakintza ikastolen batasunaren emaitza da. “Elkar ezagutu eta harremana areagotzeko balio izan du”, gehitu du.

Abestia ere elkarreraginaren fruitu da. “Ez du gidaritza finko bat izan, denon artean sortutako kanta da”, komentatu du.

Eta auzolana da, hortaz, aurtengo Kilometroen esentzia. Talde-lana sustatu nahi du, guztion arteko elkarlana; haur eta nerabe, gazte eta heldu. “Jendearen erantzuna ikusgarria izaten ari da”, azpimarratu du Furundarenak.