Eraikuntzaren Industrializazio Zentroa (EIZ) inauguratu du Idiazabalen Iparragirre Eraikuntzak, enpresaren 75. urteurrenaren ospakizunei amaiera emateko. Azpiegitura berriak jauzi kualitatibo garrantzitsua dakar bai Goierrirako bai Gipuzkoa osoarentzat, eta eraikuntza industrializatu, digitalizatu eta jasangarriaren aldeko apustua berresten du.

Ekitaldian izan dira Unai Andueza, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatua; Denis Itxaso, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburua; Iñaki Alberdi, Idiazabalgo alkatea; eta Marta Epelde, BUILDINN klusterreko zuzendari nagusia.

EIZ: Eraldaketa digitalerako eta industrializaziorako tresna estrategikoa

Zentroaren helburua proiektuak modu eraginkorragoan planifikatzea, exekuzio-denborak laburtzea eta eraikuntzen kalitatea hobetzea da. Horretarako, BIM modelizazioa, 3D eskanerrak, droneak eta fabrikazio modularra bezalako teknologia aurreratuak integratu dira, planifikazio zehatzagoa eta akats gutxiago bermatuz, eta ingurumen-inpaktua nabarmen murriztuz.

Iparragirre Eraikuntzako zuzendari Patxi Albisuk adierazi du: “zentro hau ez da instalazio berri bat; gure lan egiteko modua errotik aldatuko duen tresna estrategikoa da. 75 urteko esperientzia teknologia digital aurreratuekin uztartzen dituen espazioa da, eta gure etorkizuneko zutabe nagusietako bat izango da”. EIZ, Albisuren hitzetan, “antena digital” bat da: belaunaldiz belaunaldi ikasitako printzipioak gaur egungo erronka tekniko eta sozialen eskalara eramaten dituen laborategia.

Proiektuak 350.000 euro baino gehiagoko inbertsioa jaso du azpiegituretan, ekipamendu teknologikoan eta langileen prestakuntza espezializatuan. Inbertsio horrek industrializaziora eta digitalizaziora igarotzea ahalbidetuko du, Iparragirreren jarduna lehiakorrago eta eraginkorrago eginez.

Lankidetza-sarea

Zentroaren garapena ez da bakarkako ahalegina izan. Zentroak tokiko industria-sarea indartu du, EFZ Egiturak eta Txirbil bezalako enpresekin lankidetzan. Gainera, proiektuak BUILD:INN klusterraren laguntza teknikoa du, eta “Elkarrekin Eraikitzen” izeneko lan-lerroa —Iparragirrek berak gidatua— izango da ekimenaren giltzarrietako bat.

Ekimenak Goiekiren babesa ere jaso du, Ideia Berritzaileen Lehiaketako 2. kategoriako sariarekin. Era berean, Gipuzkoako Foru Aldundiak ere diruz lagundu du proiektua, lurraldeko enpresa-sarea indartzeko programaren barruan.

Unai Andueza diputatuak azpimarratu duenez, “Foru Aldundiak argi dauka. Horrelako proiektuak babestuz egiten dugu etorkizuneko ekonomiaren aldeko apustua. Industrializazioa ez da aukera bat; behar estrategikoa da, eta EIZ bezalako ekimenek bultzada horri zentzua, norabidea eta eraginkortasuna ematen dizkiote. Gipuzkoak behar ditu halako espazioak, berrikuntzan, digitalizazioan eta jasangarritasunean oinarritutako industria sendo baten oinarriak indartzen dituztenak. Zentro honek erakusten du gure enpresa-sareak baduela gaitasuna sektorea eraldatzeko eta erreferente bihurtzeko.”

Teknologia aurreratua, esperientzia praktikoa

Inaugurazioan, gonbidatuek lehen eskutik ezagutu dute nola ari diren tresna teknologikoak (biki digitalak, errealitate areagotua, etab.) eraikuntza-prozesua errotik aldatzen. Gonbidatuek etxe txiki bat muntatu ahal izan dute, plano teknikorik irakurri beharrik gabe. Muntatutako pieza horiek EFZ eta Txirbil enpresek fabrikatu dituzte zenbakizko kontrol bidez, tailerretan, obrara joan beharrik gabe. Horrela, industrializazioaren potentzialtasuna agerian geratu da.

Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu Denis Itxasok azpimarratu du EIZek etxebizitza-politikan izango duen eragina: “Eraikuntza industrializatua eta digitalizatua ez dira etorkizuneko kontuak: gaur egungo beharrak dira. Zentro honek erakusten du bide hori posible dela, eskala handiagora zabaldu daitekeela eta kalitate handiagoko etxebizitzak epe laburragoetan eraiki ditzakegula. Eredu hau da etxebizitza-politika modernoak behar duen norabidea”.

Bestalde, Idiazabalgo alkate Iñaki Alberdik ekimenak herriarentzat ekarriko dituen onurak azpimarratu ditu: “EIZ bezalako zentro bat gure herrian errotzea aukera ekonomiko eta sozial handia da. Enplegu kualifikatuaren sorrera ekarriko du, tokiko industriaren aktibazioa eta Goierriren posizionamendu berria eraikuntza aurreratuaren mapan. Idiazabalek jauzi handia egingo du proiektu honekin”.