Publizitate engainagarria argudiatuz Iberdrolak Repsolen aurka egindako erreklamazioa erabat ezetsi du Autocontrol Merkataritza Komunikazioa Auto-arautzeko Elkartearen Epaimahaiaren lehen atalak. Horrez gainera, Autocontrolerako prozedura izapidetzeagatik sor daitezkeen tasak ordain-tzea Iberdrolari egotziko diola jakinarazi zuen erakundeak atzo.
Erabaki horrek ez du inolako loturarik Santanderko merkataritza-arloko epaitegi batean EAEko konpainia elektrikoak petrolio-enpresaren aurka jarritako salaketarekin. Bi enpresen arteko deman Repsolen lehen garaipena bada, ordea.
Zehazki, orain ezetsi den publizitate engainagarriaren erreklamazioa urtarrilaren 19an aurkeztu zuen Iberdrola Clientes enpresak, Josu Jon Imazek zuzentzen duen konpainiak bere erregai berriztagarri berriak sustatzeko telebistan, prentsan eta Interneten zabaldutako kanpaina baten aurka.
Bertan irakur zitekeen: “Repsolen kalitatea orain %100 berriztagarria. Hondakin organikoetatik eratorria. Dagoeneko eskuragarri 50 gasolina-zerbitzugune baino gehiagotan, eta urtearen amaieran 600 zerbitzugunetan; Repsolen erregai berri %100 berriztagarriak”.
Erreklamazio-idazkian azaltzen zuenez, Iberdrolaren ustez publizitate hori “egiazkotasun-printzipioaren aurkakoa zen, eta, ondorioz, Autokontrolerako Publizitate Jokabide Kodearen 14. arauaren aurkakoa, engainagarria edo okerra eragiteko” modukoa zela iritzita, bere ustez Repsolen jarduera eta produktu guztiak orain %100 berriztagarriak direnaren okerreko ustea eragiten zuelako.
Era berean, konpainia elektrikoak zalantzan jartzen zuen erregai horien jatorria %100 berriztagarria zenik, eta ibilgailu guztiek erabil zi-tzaketenik. Baina Repsolek aurkeztutako azterlan eta frogetan oinarrituta, Autocontrolek bertan behera utzi ditu argudio horiek guztiak, publizitateak araudia zintzo bete-tzen duelakoan.
Ebazpenean azaltzen duenez, Autokontroleko epaimahaiari ez zaio iruditzen kontsumitzaile batek ondorioztatuko duenik “gaur egun Repsolen erregai guztiak %100 berriztagarriak direnik; bestela, gaur egun erregai berriztagarriak dituzten Repsolen berrogeita hamar gasolina-zerbitzuguneetatik kanpo, gainerako gasolina-zerbitzuguneek erregairik ez dutela merkaturatzen onartzea litzatekeelako”.
Azalpenean dio, gainera, ez dagoela frogatzerik “zilegi litzatekeela ondorioztatzea sustatutako erregaien erabilerak eragindako ondorioak eta erregai fosilen kontsumoak eragindakoak funtsean desberdinak direnik –kontsumoari dagokionez–”.
“Aitzitik, azterlan batek argi eta garbi ondorioztatzen du kontsumoaren araberako ondorio horiek ez direla adierazgarriak”, eta horregatik aldarrikatzen du, “ezin esan daitekeela publizitateak puntu horretan informazio garrantzitsua falta duenik, informatua eta zen-tzuz arretatsua eta zorrotza den kontsumitzaile arrunta nahasarazi dezakeenik”.
Amaitzeko aipatzen du Iberdrolak “ez duela aurkeztu Repsolen erregai berrien izaera berriztagarria zalantzan jartzea ahalbidetzen duen frogarik”.