Espainiako Gobernuak, urtea amaitu aurretik, hipotekak arintzeko neurriak jasotzeko muga berrezarriko du, urtean 38.000 eurorainoko errentak dituzten familiek neurri horiek baliatu ahal izan ditzaten. Erabaki hori ez dute beharrezkotzat jo Espainiako Bankuak ez eta erakundeek ere.

Gaur egun, 29.400 eurorainoko errentak dituzten etxeentzat zeuden mugatuta neurri horiek, eta urrira arte bankuek 55.000 bezeroren eskaera dituzte. Inolaz ere, Nadia Calviño lehendakariorde ekonomikoak ez zuen zehaztu zenbat onartu diren, zenbat baztertu eta zenbat ari diren aztertzen. Espainiako Bankuaren datuen arabera, urte erdian eskaeren %10 baino ez zeuden onartuta.

Calviñoren esanetan, hipoteka aldakorrak dituzten 100.000 familia gehiagori beraien kuota urtebetez izozteko, mailegua beste zazpi urtera arte luzatzeko, edota 25.200 euroko errentak dituzten familiei gabeziak eskaintzeko aukera eskaini nahi zaie. Gainera, 2024an, hipoteka aldakorren amortizazioak doan izaten jarraituko du, mailegu aldakorrak tasa finkorako bihurtzea bezalaxe; berrikuntza gisa, tasa mistoko bihurtzeko aukera ere halaxe mantenduko da, formula horrek onarpen zabala izan baitu azken hilabeteotan.

Ekonomia Ministerioan banku-patronalekin eta kontsumitzaileen elkarteekin izandako bileraren ostean azpimarratu zuen lehen presidenteordeak, segurtasun-sare bat sortzea dela helburua, nahiz eta albisterik onena familiek neurri aringarriren premiarik ez izatea izango zatekeen. “Arrisku argirik ez dugu ikusten eta horretan bat gatoz, baina, aldi berean, batez besteko errenta-maila horiek dira kaltetuenak”, gehitu zuen.

Banku-patronalarentzat, hipoteka-neurrietarako sarbidea errazteak ez du eragin esanguratsurik izango sektorean, “ondo prestatuta dagoelako”, baina “aldaketa berririk ez egitea” eskatu dute.

Leihatilatan dirua atera

Bestalde, adineko eta ezinduta dauden bezeroen arreta hobetzeko ere baliatu dute bilera, eta Espainiako Gobernuak “urtea amaitu aurretik” lege-aldaketa bat sustatzea erabaki du, leihatilan dirua ateratzeagatik bankuek komisioak kobratzea debeka-tzeko.

Nahiz eta Calviñok aitortu erakunde gehienek jada ez dietela kobratzen adinekoei leihatilan dirua ateratzeagatik, Sanchezen Gobernuak uste du legezko babesa ezarri behar dela, erakunde bakar batek ez diezaion zerbitzu hori kobratu adinekoei eta desgaituei.

Gordailuei dagokienez, produktu horien ordainketa hobetzeko beharra azpimarratu zien presidenteordeak bankuei, alor horrek ere azken hilabeteetan hobera egin badu ere. Gai horren inguruan Asufin elkartetik “Iberiar Penintsulako salbuespena” deitoratu zuten, erakundeek ez dutelako gordailu horiengatik Europako gainerako herrialdeetan bezala ordaintzen.

Bilera horretan landa-inklusioa ere hizpide izan zuten, eta banketxeek 500 biztanletik gorako 200 udalerri inguruk (200.000 biztanle inguru) finantza-zerbitzu fisikoak izateko formulak zabaldu izanaz ere aztertu zuten.

Amaitzeko, Finantza Bezeroaren Defentsarako Agintaritza sortzeko lege-proiektua berrabiarazi zutela jakinarazi zuen presidenteordeak; izapidetze oso azkarra izango duela espero omen du gainera, 2024an indarrean egon dadin.

Bankuentzako ezohiko zerga berrikustekori dagokionez, Calviñok garrantzia kendu zion, gobernu-akordioan eta legean bertan jada jasota zegoela aipatu baitzuen. Presidenteordeak ez zuen bestelako azalpenik eman, haren baieztapenak inolako aldaketarik ez dakarrela ziurtatuz.