Banku-marjinen hobekuntzari eta interes-tasen gorakadari esker, CaixaBankek 2.137 milioi euroko irabaziekin itxi du urteko lehen seihilekoa, alegia, 2022ko aldi berean baino %35,8 gehiago irabazita. Atzo Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalari (CNMV) jakinarazi zionez, banku-jardueraren ondoriozko 7.110 milioiko diru-sarrerak batu zituen taldeak, beraz, %31,3 gehiago.

Zehazki, interesen marjina, hau da, aktiboaren errentagarritasunaren, esate baterako emandako kredituak, eta bankuak ordaindutako interesen arteko aldea, 4.624 milioi eurokoa izan zen, aurreko urtean baino %55,2 handiagoa. Interes-marjinaren hazkundeak, aseguru-negozioaren emaitza onak (+%18,5) eta banka-aseguruetako partaidetuen diru-sarrerak (+%59,2) nahikoa izan dira komisioen beherakada konpentsa-tzeko.

CaixaBankek 1.846 milioi euro irabazi ditu ekainera arte komisio garbiengatik, orain urtebete baino %4,2 gutxiago. Dibidenduengatiko diru-sarrerei dagokienez, 145 milioi eurokoak izan dira seihileko honetan, Telefonicatik lehen hiruhilekoan jasotako 61 milioiak eta bigarren hiruhilekoan BFAtik jasotako 73 milioiak kontuan hartuta. Partaide-tzaren metodoaren bidez baloratutako entitateei egotzitako emaitzek, berriz, beste 145 milioi metatu zituzten (+% 30,5).

Finantza-eragiketen emaitzari dagokionez, 143 milioi euro batu ditu 2023an, aurreko urteko 244 milioien aldean ( %-41,5). Gauzak horrela, erakundearen diru-sarrera arrunt guztiak biltzen dituen marjina gordina, 6.673 milioi eurora iritsi zen ekainera bitartean, aurreko urteko aldi berarekiko %23,1eko gehikuntza izanik.

Bestalde, urtarriletik ekainera, bezeroen baliabideak ere hazi egin dira bankuan, 627.824 milioi eurotara iritsiz; datu hori ere %2,7 hazi da 2022ko itxierarekin alderatuta.

Kudeaketapeko aktiboak 156.111 milioi eurokoak izan ziren (urtean +%5,5), merkatuen bilakaera positiboari eta harpidetza garbi positiboei esker. Lehen sei hilabeteetan, inbertsio-funtsen, pentsio-planen eta aurrezki-aseguruen harpidetza garbiak 5.100 milioikoak izatera iritsi dira.

Datu horien guztien aurkezpenean adierazi zuen Gonzalo Gortazar CaixaBankeko kontseilari delegatuak, euriborraren igoera moteldu egingo dela, urtea %4aren azpitik amaituko duela eta 2024an beheranzko joerarekin jarraituko duela, arazo hori “larritu baino arindu” egingo delakoan. Gortazarren ustez aurtengo urtearen amaieran hasiko omen da indizea jaisten, eta zorrotz adierazi du “ez dela egia” tasen igoeragatik hipotekak hilean 300 euro igo direnik. Batez besteko igoera hilean 90 eta 100 euro artekoa izan dela esan zuen.

“Ezin dugu errealitate faltsuen gainean arazorik sortu” esanda, argitu egin nahi izan zuen, 300 euroko igoera 150.000 euroko hipoteka berrietan bakarrik gertatu dela, aldiz, gaur egungo tasa aldakorreko batez besteko hipoteka 65.000 eurokoa dela, orain urte batzuk sinatu zelako.

Gortazarrek argi utzi nahi izan zuen, hipotekak ez ordaintzea “ez dela arazo masiboa”, eta berankortasuna %2,6ra jaitsi dela lehen seihilekoan egoitza Valentzian duen banketxearen kasuan.