Askotarikoak dira Fagor Taldeak berrikuntza prozesuak egikaritzeko eta hasiak dituenetan sakontzeko martxan dituen estrategiak, mekanismoak eta inbertsioak. Kasurako, gaur-gaurkoz, hiru berrikuntza zentro ditu, merkatuaren unean uneko eskakizunei eta etorkizuneko erronkei behar moduko erantzuna emateko. Edertek, Aotek eta Koniker dira horiek. “Merkatuak etenik gabeko berrikuntza eska-tzen die kooperatibei. Unean uneko eskaeretara egokitu beharra dago jarduera, eta, horretarako, beharrezkoa da ikerkuntza. Fagor Taldeko zenbait kooperatibek berrikuntza zentro propioak sortzeko apustua dute egina, eta nabari da jardueran eta egokitze gaitasunean”, argitu du Aritz Otxandiano Kanpo Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak.

Egungo merkatu eskakizunek edota aurrerapen teknologikoek berritu beharra eta moldatzeko gaitasuna exijitzen dituzte. Eta horretan, esangura handiko ekarpena egiten dute berrikuntza zentroek. “Abangoardia teknologikorako aukera eskaintzen dute, bezeroen teknologia joerei eta beharrei aurrea hartzeko bitartekoak sortuz. Hori lagungarri da merkatuko posizionamendua hobetzeko”, azaldu du Patxi Rodriguez Vazquez Edertekeko zuzendari zientifiko teknologikoak. Hori horrela, pentsamendu berri-tzailea, ikerkuntza eta esperimentazioa dituzte eguneroko. 

Lan ibilbide oparoa

Lan ibilbidea ikerkuntzara bideratzeko aukera eskaintzen dute Fagor Taldeko kooperatibetako berrikuntza zentroek. Oro har, ZTIM alorreko ikasketak dituztenak dira horietan dihardutenak. “Sarri uste da industria enpresetan lan estatikoagoa, automatizatuagoa, izango dutela zientziaren, teknologiaren, ingeniaritzaren eta matematikaren alorreko ikasleek. Lanpostu batzuetan horrela bada ere, berrikuntza zentroek edota etenik barik berritzen egon beharrak bestelako profil bat eskatzen dute, dinamikoagoa, moldagarriagoa…”, zehaztu du Iraunkortasun arduradunak. Oro har, gaur-gaurkoz, datuen zientzian, zibersegurtasunean eta adimen artifizialean modukoetan espezializaturiko pertsonak erakarri guran ibili ohi dira berrikuntza zentroak.

Ostera, teknologia eskakizunei aurrea har-tzeko eta abangoardian mantentzeko helburuekin, kultura irekiz eta malguz dihardute Fagor Taldeko berrikuntza zentroek, ikaskuntza etengabearen helburua erdigunean jarririk –etengabekoa da ikerketen, zientzia argitalpenen, patenteen eta esangura handiko aurrerapen teknologikoen jarraipena–. Hori, funtsezko da haien proiektuek eta jarduerek puntako ezagutzak barnebil ditzaten.

Bestelako bideak berrikuntzarako

Fagor Taldeak berrikuntzaren bidean eginikoak ez dira berrikuntza zentroetara mugatzen. Horrez gain, besteren artean, berrikuntza irekiko prozesuetan sortzen diren proiektuak bultzatzeko sustapen funts bat du –2022. urte amaieran, 1,87 milioi eurokoa zen funts hori–. 

Eta, ostera, zenbait berrikuntza proiektu ditu abiarazirik haren kooperatibak leku hartuta dauden zonaldeetako eragileekin elkarlanean –teknologia zentroekin, hezkun-tza eragileekin… abiaraziriko ekinbideak dira horiek–.

HIREKIN, urrats berri bat berrikuntzan eta ekintzailetzan

Etorkizuneko erronkak erdigunean, HIREKIN berrikuntza eta ekintzailetza zentroa hasi dira eraikitzen Arrasaten. Hain zuzen ere, Mondragon Unibertsitatea da ekinbidearen sustatzaile nagusi, eta 10 milioi euroko inbertsioa du aurreikusita. Hor, 2 milioi euroko laguntza emango du Fagor Taldeak, Gizabidea Fundazioaren bidez. “Industriaren deskarbonizazioa eta digitalizazioa sustatzeko bitarteko izan gura du HIREKINek. Lurraldeko berrikuntza ekosistemako eragile ezberdinak –Unibertsitatea, zentro teknologikoak, berrikuntza agentziak, enpresak– bildu nahi ditu espazio berdinean ehun industrialaren eraldaketari bultzada bat emateko ekintzailetza eta barne ekintzailetzaren bitartez, egun dauden jarduerak eraldatu eta sektore berrietan dibertsifikatzeko. Etorkizunari begira eta gizartearekin konprometituta darrai Fagor Taldeak, eta, horretarako, funtsezkoa da gisako proiektuak babestea”, azaldu du Aritz Otxandiano Kanpo Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak. Aurreikuspenen arabera, 2024aren erdialderako legoke bukatuta 6.000 metro karratuko berrikuntza eta ekin-tzailetza zentroa. Orduantxe hasiko litzateke, ekintzailetza industrial zein teknologikoa, digitalizazioa eta iraunkortasuna oinarri, unean uneko eta etorkizuneko erronkak behar moduan heltzeko ekinbideak biltzen.

Arrasateko HIREKIN berrikuntza eta ekintzailetza zentroaren fotomuntaketa. N.G.