DONOSTIA. Osalan Laneko Osasun eta Segurtasunerako Euskal Erakundearen 25. urteurrenean izan da gaur Iñigo Urkullu Lehendakaria. Ekitaldian azpimarratu duenez, "ezin dugu bizi arrisku-egoerak ezabatzeko edo arintzeko gehiago ezin dugula egin pentsatuz" eta, hortaz, garrantzizkoa da seguruak ez diren jardunak baztertzeko ahalegin instituzionalak egitea. Gainera, gogora ekarri du prebentzioak parte izan behar duela "gure enpresen erantzukizun sozialean; langile bakoitzaren kulturan eta jarreran".

Ekitaldian Lehendakariak nabarmendu duenez, pertsonen ongizateak haien bizitza lan-ingurune osasungarri batean moldatzea eskatzen du. "Asebeteta eta baldintza onetan lan egiteak pertsonen inplikazioa, hobetzeko nahia eta, azken batean, lehiakortasuna sustatzen ditu", azpimarratu du.

Hala, enpresek lortutako aurrerapenak eta gero eta kontzientzia handiagoa adierazi nahi izan ditu laneko arriskuen prebentzioak duen garrantziari dagokionez. Era berean, Eusko Jaurlaritzak laneko arriskuen prebentzioarekin hartua duen konpromisoak osoa izaten jarraituko duela azpimarratu du, denon onerako.

Ekitaldian izan dira Lan eta Justiziako sailburu Maria Jesús San José; Osasuneko sailburu Jon Darpón; Bilboko Udaleko alkate Juan Mª Aburto; José Antonio Ardanza Lehendakari ohia; Kontseilu Nagusiko lehendakari Jon Azkue; Osalaneko zuzendari nagusi Alberto Alonso eta Barakaldoko Udaleko zinegotzi ordezkari Gorka Zubiaurre Sasia.