Urtebete eskas nahikoa izan du Iker Iribarrenek (Donostia, 1999) sare sozialetan lekua egiteko. Umoretik, inprobisaziotik eta eguneroko egoeretatik abiatuta, milaka jarraitzaile eta bisualizazio lortu ditu Instagramen eta Tik Tok-en (@ikeriribarren), gastronomiari edo euskarari lotutako edukiekin. Elkarrizketa honetan zingiratsua izatearen kontrako jarreraz, euskañolez aritzeagatik jaso dituen kritikez eta anonimo izatetik pertsona ezagun izatera igaro izanaz hitz egiten du.

Ez duzu urtebete eman sare sozialetan eta dagoeneko milaka jarraitzaile eta bisualizazio lortu dituzu zure bideoekin. Zer dela eta? 

-Normalean jendea gazteagotik hasten da sare sozialetan. Egia da berandu hasi naizela. Baina umorea, antzerkia, barruan daramat betidanik, showman bat izan naiz txikitatik. Honek barruan neukan hori ateratzeko aukera eman dit. 

Zerk bultzatu zintuen lehenengo bideoa igotzera?

-Iaz Mihiluze ETB1-eko lehiaketan parte hartu nuen nire lagun Joseba Alonsorekin eta oso ondo joan zitzaigun, diru dexente irabazi genuen. Tolosako Casa Julianera joan ginen, ospatzera. Ondo jatea gustatzen zaigulako. Han geundela, txuleta jaten eta tontoarena egiten, bideo bat grabatu genuen; mikrofonorik eta tripoderik gabe, cero profesional. Iluntzean, Instagram eta Tik Tokera igo nuen eta ohera joan nintzen, sin más. Hurrengo goizean, telefonoa begiratu nuenean, flipatu egin nuen: pantaila notifikazioz beteta neukan, 20.000 bisita baino gehiago zituen. 

“Super basikoa izatea eta topikoan erortzea, hori da ‘zingiratsua’ izatea”

Eta gero?

-Apendizitis baten ondorioz ospitalean ingresatuta egon nintzen eta gosaria ekarri zidatenean bideo bat grabatzea okurritu zitzaidan, hain zen tristea; kafe solublea eta hiru gaileta. Bideoak 50.000 bisualizazio izan zituen. Ez dakit zer den baina zeozer badago jendeak ikusi nahi duena. 

Zer dute zure bideoak jendearen gustukoak izateko?

-Bua, ni idea. Agian da ez kalkulatzea, gidoirik ez izatea. Gaia 10 minutu lehenago pentsa-tzen dut eta gehiegi sakondu gabe grabatzen hasten naiz. 

‘Euskañol’-ez aritzegatik ‘hate’ (gorroto) asko jasotzen duzu. 

-Badira asko hizkuntzaren polizia direnak. Eta zer nahi duzu esatea? Kaltegarriagoa da euskaraz ez egitea, euskañolez egitea baino. Ez naiz filologoa, baina euskara nire hizkuntza da eta naturaltasunez erabili nahi dut, nire lagunekin egiten dudan bezala. 

Badira zure marka bihurtu diren hitzak, ‘zingiratsua’, kasu. Zer da zingiratsua izatea?

-Super basikoa izatea, topikoan erortzea, ruta establecida jarraitzea. Ez zait batere gusta-tzen gastronomiaren munduan zingiratsua izatea, hau da: La Viñako gazta tarta jatera joatea, Alde Zaharrean pintxoak jatea…

Orduan, ‘zingiratsua’ izan nahi ez badut, nora joango naiz pote bat hartzera?

-Donostiako edozein auzotara: Intxaurrondora, Añorgara, Altzara, Antiguako Matia kalera… Giroa eta prezioak ere askoz hobeak dira. 

Busti pixka bat eta gomendaidazu taberna bat.

-Matia kaleko Kroketeria Donostiarra, me encanta, eta Egiako Garraxi taberna ere bai. 

“Kaltegarriagoa da euskaraz ez egitea, ‘euskañolez’ egitea baino”

‘Postureoa’ ez zaizu gustatzen. 

-A ver, postureoa gustatzen zait, claro, baina gezurrik esan gabe. Parisera banoa, Eiffel dorrean, pues postureo egingo dut eta argazki bat aterako dut. 

Sare sozialek eta ‘scroll’-ak engantxea sor-tzen dute. Baina ‘like’ jasotzeak ere ez al du engantxatzen?

-Garai batean egia da izan nuela engantxea, hasieran batez ere. Puntu adiktiboa dauka. 

Anonimo izatetik pertsona ezagun izatera pasa zara. Zein momentutan konturatu zinen horretaz?

-Abenduan, Durangoko azokan jendea gerturatzen zitzaidan bideoak komentatzeko edo argazkiak egiteko. Donostian, San Tomas egunean ere flipatu nuen. Metro bat ibili eta beste bat etortzen zitzaidan agurtzera. Oso surrealista da. Etxekoek ere ez dute ezer ulertzen (barreak). 

Honek guztiak etorkizuna beste modu batera planteatzea eragin dizu?

-Argi daukat ikasketak bukatuko ditudala. Fabrikazio mekanikoko goi mailako ziklo bat egiten ari naiz orain. Baina espektakuluaren mundua asko gustatzen zait, monologoak batez ere. Pasa den udan monologo bat egin nuen eta aurrerantzean ere hortik joan nahiko nuke.