Donostia – Goenaga familiaren Pokopandegi baserria Donostiako Ibaeta auzoan kokatzen da, Ondarretako hondartzatik hiru kilometrotara. Betidanik familia baserritarra izan da, barazki eta esne ekoizlea. 1983. urtean, Pako Goenaga familiak ekoizten zuen esnearekin yogurra egiteko aurrerapausoa eman zuen, eta gaur egun esneki ekoizleen sektorean Goenaga izen propioak indar handia dauka. Pakoren alabak, Arantxak, erreleboa hartu dio aitari eta gure lurraldeko yogur onenetarikoak egiteko gakoak eman dizkigu.

Noiz eta nola hasi zen Goenaga Yogurra-ren jarduera?

Gure aiton-amonek Pokopandegi baserritik ateratzen zuten bizimodua aurrera, aitona Joxek baserrian lan egiten zuen eta amona Joxepa, berriz, salmentaz arduratzen zen, Bretxan saltzen zituen bai esnea eta baita barazkiak ere. Gure aita Pakok hartu zuen baserriaren erreleboa, baina balore erantsi bat eman nahi zion esneari, jakitun baitzen esne guztia zentralera eramanez gero, jai zuela. Beraz, baserriko behien esnearekin yogurra egitea erabaki zuen 1983. urtean. Arrez gero, poliki-poliki merkatua zabaltzen joan gara, produktuaren kalitatea eta zerbitzua goretsiz.

Zuen baserrian, zer garrantzia maila ematen diozue behien elikadura eta ongizatea zaintzeari?

Behien elikadura gurea bezain garrantzitsua da osasuntsu izateko. Gure behiek transgenikorik gabeko materia noblez osaturiko nahasketa bat jaten dute urte guztian, lastoarekin batera. Gure behiak Brown Swiss arrazakoak dira, gure aiton-amonek zituzten berdinak, eta beraien esnea kalitate proteiko oso altukoa da. Brown Swiss arraza, gainera, oso animalia rustikoa da, lasaia eta ongi egokitzen da berora ere. Ikuiluari dagokionez, inbertsio oso handiak ditugu martxan, bai behien ongizateari begira eta baita behien emisioak murrizteko ere, transizio ekologikoaren bidean.

Kalitatezko esnea lortu ondoren, nola lantzen dituzue yogurrak?

Behi esnea hotz tanketeetatik pasteurizadorera pasatzen dugu, pasteurizatu ondoren esne-hartzigarriak gehitu, ontziratu eta labera sar-tzen ditugu. Labean daudela, yogurraren bakteriek esnearen azukrea, laktosa, azido laktiko bilakatzen dute eta honek esnearen pH jaitsiarazten du, proteinak desnaturalizatuaz eta esnea yogur bilakatuz. Gero, hotzgailuetan sartu eta hoztutakoan salmentarako prest daude. Brown Swiss arrazako gure behiek proteina kalitate handiko esnea ematen digute, eta hau kalitate goreneko yogurrak ekoizteko ezinbestekoa da. Guk yogurra esne osoarekin eta esne gaingabetuarekin egiten dugu, inolako gehiagarririk bota gabe. Eta norberak bere gustura jateko aproposak dira; fruta freskoarekin jateko, irabiatuta edateko…norberaren gustura yogurrari zer gehitzen dion jakinda.

Zer aldatu da eta zer mantendu da yogurra lantzeko orduan, 80etako hamarkadatik gaur eguneraino?

Yogurra egiteko filosofia berdinarekin segitzen dugu, horretan ez da ezertxo ere aldatu. Asko aldatu dena, baita gizartean ere, lan egiteko modua da. Yogurra egiten hasi ginenean, yogurra eskuz ontziratzen genuen, gaur egun, berriz, automatizatua dugu prozesua. Informatikak ere salto handia eman du, eta digitalizazioa ere ezinbestekoa da aurrera egiteko, baita ikuiluan ere. Inbertsio garrantzitsuak egiten ari gara jasangarritasun eta efizientzia energetikoa hobetzeko. 

Goenagako instalazioak bisitatzeko aukera ere badago, ezta?

Momentu honetan bisita guztiak bertan behera ditugu, datorren urtean gure 40. urteurrena ospatuko dugu eta espero dugu ateak zabaltzeko aukera izatea. Interes handia dago jendearengan horrelako bisitak egiteko eta baserri mundura gerturatzeko, gainera, gure baserria Donostian bertan dago eta oso gertu geratzen da edonorentzat.

Eroski Azoka (azoka.eroski.es) es el lugar donde se unen más de 70 pequeños productores de Donostialdea, con más de 400 referencias, y clientes

Denda fisikoez gain, produktuak ‘online’ eskatzeko aukera eskaintzen duzue ere?

Bai, hala da, online ere saltzen ditugu gure produktuak, baita baserrian bertan ere. Guk ekoi-tzitako yogurrez gain, beste hainbat produktu ere saltzen ditugu, hala nola Ossau Irati J. I. Agour gazta, Arnabar ahate produktuak, Olasagasti arrain kontserbak, Jan Jam mermeladak eta baita Lorez Lore eztia ere. Uztaila eta abuztuan, berriz, ahabiak ere izaten ditugu, Otazuri etxekoak, yogurrarekin nahastuta oso goxoak geratzen dira!

Nolakoa da Goenaga eta EROSKIren arteko lankidetza?

Aspaldian hasi genuen EROSKIrekin elkarlana. Guk dendaz-dendako zerbitzua ematen diogu, gu geu joaten gara denda bakoitzera, eta EROSKIk baserritik zuzenean eramandako yogurrak saltzen dizkie beraien bezeroei. 

Zeintzuk dira EROSKIrekin lan egitearen abantail nagusiak zuentzat?

EROSKIrekin lan egitean denok irabazten dugu. Gure yogurrak supermerkatuetan saltzeak bezero gehiagorengana iristea ahalbidetzen digu. Bezeroek Eroskik bertako produktuekiko duen konpromisoa eskertzen duela pentsatzen dut, eta guretzako oso garrantzitsua da denok helburu berdinak izatea.