Síguenos en redes sociales:

Haur Danborradak giroa berotu du

Euririk ez da izango eta, hotza egingo duen arren, 5.000 haur gogoz saiatuko dira gaur eguerdian Donostia osoa epeltzen. Aurten, Easo Ederrik gabe, hiritar batek hartuko du hitza.

Haur Danborradak giroa berotu duArgazkia: Ruben Plaza

Euskalmet euskal meteorologia agentziak hotz handia iragarri du gaurko. Baina euririk ez. Eta hori, beti, albiste ona da urtarrilaren 20an zerura begira esnatzen diren Donostiako 5.000 familientzat. Hala, kamiseta eta galtzerdi termikoak jantzi eta aitzakiarik ez dute izango Haur Danborradako gaztetxoek hiri osoa haiei begira jartzeko.

Eguerdia baino lehen hasiko dira gerturatzen guztiak Alderdi Ederrera berotzen hasteko. Ondoren desfileko pertsonaia nagusien hitzak entzungo dituzte. Udaletxeko balkoitik mintzatuko dira Aitor Ikastolako gazteak eta aurtengo argazkia desberdina izango da. Izan ere, normalean Easo Ederrak egiten duen hitzaldia aurten Donostiako hiritar bat gorpuztuko duen Malena Cornagok egingo du. Easo Ederraren pertsonaiak islatzen dituen balioak gaur egungoekin bat ez datozela eta parekidetasun eta berdintasunaren irizpideetatik urrun dagoelako erabaki zuten Aitor Ikastolan pertsonaia hori ez erabiltzea aurten, Donostiako Festak sailak aukera hori emanda. Hala, gizarte osoaren ordezkari izan nahi duen hiritarrak hartuko du hitza balkoian.

Haren ondoan Aimar Capa danbor nagusia (Harri Berri Oletakoa), Aratz Agirrezabala jenerala eta Juno Vidal alkatea egongo dira, baita beste pertsonaia batzuk ere. Hitzaldiaz gain, bertsoa ere botako dute eta haien hitzak guztiengana heltzeko zeinu hizkuntzaren interprete bat ere egongo da balkoian.

Aurrez aurre ia 5.000 haur izango dituzte (%53 neskak dira), 41 ikastetxetako 48 konpainia, hain zuzen ere (zazpi eskolek bi konpainia dituzte). Aurreko urteekin alderatuta beste aldaketa bat ere bada: Mariaren Bihotza Claret ikastolako danborradarik ez da egongo, ikastetxea itxi egin baitute. 1965.ean hasi zen Haur Danborradan parte hartzen eta ordutik itsas armaden jantziei erreferentzia egiten zieten txano zuriak ezagunak ziren donostiarrentzat.

Alderdi Ederren bertan, balkoian egongo den Aimar Capa danbor nagusiaren gidaritzapean joko dute San Sebastian Martxa lehenengo aldiz eta ondoren abiatuko dira guztiak, ohi bezala, Hernani kaletik.

Eztabaidak eztabaida, antzinatasunaren irizpideak jarraituta Euskal Billerakoak izango dira lehenak ateratzen, Summa, La Salle, Mundaiz eta Jesuitak ikastetxeak atzetik dituztela. Jenerala eta laguntzaileen ondoren abiatuko dira gainerakoak, Herri Ametsa ikastolatik San Jose ikastetxera.

Azken urteotan egiten duten moduan, Haur Danborradako pertsonaiak Aitor Ikastolakoak direnez, ikastetxe hori izango da azkena desfilean, karrozaren aurretik egingo baitu Erdialdea zeharkatuko duen ibilbidea. - N.G.