“Ahizpak aholku bakarra eman dit: egin ez dezakezun ezer ez prometitu”
-Nahiko zaila izan zen. Zergatik egin dudan? Alde batetik, Donostia hiria dagoen bezala dagoelako: zein norabiderantz goazen, dagoen desoreka eta handiago batera goazela, zer nolako erabakiak hartzen diren... Beste aldetik, nire esperientzia profesionala hirirako oso baliagarria izan daitekeela pentsatzen dut. Helburu baten bila joatean oinarritu da beti nire lana, lantalde sendo eta potente bat edukita, helburuak epe motzean, ertainean eta luzean kudeatzean, oinarri oso finkatuekin proiektu bat sustatzean. Nire proiektu profesionalak beti joan izan dira aurrera eta ibilbide hori udal batera eramatea oso baliagarri izan daiteke. Politika betidanik jarraitu dut, gure herriaren eta hiriaren ezaugarria da, baina gestiotik eta politikatik urrun egon naiz. Nolabait, herritar arrunt baten ikuspegia udalan ezar-tzea ere inportantea dela uste dut.
Kostatu zitzaien zu konbentzitzea?
-Bai, hasieran ez nuen baiezkoa eman, errespetu handiz hartu nuen proiektua eskaini zidatenean. Horrelako erabakiak asko pentsatu behar dira, nire inguruan kontsultatu nuen, eragina edukiko zuelako nire bizitza arruntean.
Berria zara politikan, baina zure ahizpa Andoaingo alkate da. Hitz egin al zenuen harekin?
-Noski, eta bere esperientzia oso baliagarria izan da. Aholku bakarra eman zidan: egin ez dezakezun ezer ez prometitu. Hori funtsezkoa da. Mahai gainean jartzen dituzun proiektuek egingarriak izan behar dute, bestela ez dute balio. Oso aberasgarria dela ere esan zidan, baina oso zaila ere bai.
Eta Juan Karlos Izagirrerekin?
-Asko animatu ninduen. Esan zidan inportanteena dela ondoan zer nolako taldea daukazun. Badakit erabakiak hartu beharko ditudala eta horretarako prest nago, eta fokoa nire gainean edukiko dudala ere badakit. Herritarrei entzun behar zaiela ere esan zidan erabaki horiek hartzeko.
Noiztik bizi zara Donostian?
-Errenterian hazi eta 17 urte dira hemen bizi naizela, Intxaurrondon.
Donostiarra sentitzen zara?
-Bai, Donostian bizitzea nire erabakia izan da. Beti pentsatu dut atzera bueltarik ez duela, ahal badut behin-tzat, Donostian biziko naizela. Hiria da, baina oso gertukoa, natura ere gertu dago eta niretzat hori oso inportantea da. Hiri lasaia eta aberatsa da.
Kirolari eta entrenatzaile moduan duzun esperientzia baliagarria izango zaizula esan duzu, lantalde bat kudeatzen eskarmentua baduzula. Baina bestelakoan, kirola eta politika ez al dira oso desberdinak?
-Ez dira hain desberdinak. Nire burua entrenatzailetzat hartzen dut eta entrenatzaile lana ez da bakarrik kanpotik ikusten dena. Nik beti esaten nuen lan gutxien partiduaren egunean neukala. Hori baino lehen planifikatu behar da, metodologikoki aztertu, helburuak zehaztu, hori nola gestionatu, jokalari bakoitzak zer eman dezaken ikusi, taktika eta estrategia bat egin, arerioa kontrolatu... Paperezko lan asko dago atzetik, planifikazio lana, eta hori Udalera trasladatzea oso baliagarria izan daiteke.
Kirolean irabazten jakitea bai, baina galtzen jakitea ere garrantzitsua da. Politikak hori ikasteko al dauka?
-Kirolean fokoa galtzean edo irabaztean jartzen da, baina inportanteagoa da bidea. Nahiz eta galdu, batzuetan kontent zaude, nahi zenuen lana egin duzulako. Ikuspegi orokorragoa izan behar da, garapenari garrantzia eman eta epe luzerako helburuak bilatu, ez partidu bakar batekoak.
Azkenaldian hainbat kirolari ikusten ari gara politikan, alderdi eta esparru ezberdinetan. Zergatik dela uste duzu?
-Kirolarien imaginario hori aldatzen ari da eta ikusten ari da atzean lan oso metodologikoa dagoela, oso konstantea. Enpresariak, kulturaren munduko pertsonak ere ari dira agertzen... Aniztasun hori politikan nabarmen jartzea ona dela uste dut, gizartearen aniztasuna politikan islatzen ari da.
Politikariek duten prestigio edo ospe txarrarekin lotuko zenuke?
-Egia da politikariak eta erakundeak herritarrengandik nahiko urrun daudela eta gerturatu behar direla. Kaleko pertsonak hor ikustea ez dago gaizki, aldaketa ona izan daiteke.
Bai kirolean eta baita politikan ere, batez ere goi mailan, emakumeak gutxiengoa dira oraindik.
-Bidea oraindik luzea da kirolean, batez ere oso arraroa da emakumezkoak ikustea erabakiak hartzen diren postuetan. Oso esparru maskulinoa eta matxista da, nik esango nuke diskriminazioa gehien nabaritzen den esparruetako bat dela. Politikan, berriz, emakumeen presentzia areagotu egin da azken urteotan, batez ere zerrendetan kupoak ezartzeari esker, baina ezin gara engainatu: gizarte matxista batean gaude oraindik eta bide luzea geratzen zaigu egiteko.