Donostia - Hogeita bat haur eta gaztek egindako lanak saritu zituzten atzo Donostiako udalbatza aretoan Koldo Mitxelena Literatura Lehiaketaren 29. edizioaren sari banaketa ekitaldian. Lan horiez gain, parte hartu duten beste 40 egilek aipamenak eta diploma jaso zituzten. Sarituek, berriz, kultura edota teknologiarekin zerikusia duten opariak jaso dituzte.

Gainera, 14 eta 18 urte bitarteko kategorietako irabazle eta aipatuentzat literatura lantegi batean parte hartzeko aukera egongo da. Aurtengo edizioan, 8 eta 18 urte bitarteko haur eta gazteek parte hartu dute bost modalitate ezberdinetan: komikia, olerkia, ipuina, mikroipuina eta bertsoa. Guztira 1.118 lan jaso dira: 469 komiki, 41 olerki, 396 ipuin, 152 bertso eta 60 mikroipuin. Bereziki 14 eta 18 urte bitarteko kategorietan (E eta F) aurkezturiko lanen maila azpimarratu du epaimahaiak.

Iñaki Martinarena Mattin komikigilea, Beñat Gaztelumendi bertsolaria eta Yolanda Arrieta, Ana Malagon, Inazio Mujika eta Arantxa Urretabizkaia idazleak izan dira erabakiak hartzeko arduradunak.