donostia - Aste Nagusian urak zapuztu egin zuen festei hasiera eman ohi dien Txistularien Alardea, baina atzo txistulari, musikari, dantzari eta zaleek mendekua hartu zuten. Une batzuetan aterkiak atera behar izan ziren arren, espero bezala Konstituzio plaza bete zuten donostiarrek aurten Usandizagari omenaldi berezia egiteko prestatutako saioarekin gozatzeko.
Ehun urte dira konpositorea hil zenetik eta bere lanekin osatu zuten alardearen atal bat. Txantxangorria, Ave María, Romanza eta Gure Herri Maiteari entzun zituzten zaleek. Gainera, Mendi-Mendiyan operaren erromeriaren parte bat Eskola taldeko kideek dantzatu zuten, dantza taldeak 75 urte betetzen dituela eta.
Jose Inazio Ansorenak konposatutako Erraldoien Bila abestia ere estreinatu zuten musikariek, Aste Nagusian Itzurun konpartsako kideekin txistulariek egiten duten ibilbidearen inguruan sortutakoa.
Data atzeratu behar izan zuten arren, zaleek ez zuten atzo hutsik egin aurten 38. urtez ospatu den alardearekin gozatzeko eta Donostian, Aste Nagusian izan edo Euskal Jaietan izan, txistuarekiko eta musikarekiko afizioa badagoela agerian utzi zuten. - N.G.