DONOSTIA. Donostiako Udal Gobernuak auzo eta herri guztietako 1.000 herritar ingururen 2120 proposamen jaso ditu "Auzo eta Herriak Donostia Indartzen" partaidetza prozesutik, 2015. urterako aurrekontu proiekturako. Haietako 116 datorren urtean egikarituko dira, eta 56 datozen urteetan zehar. Gainerako, 48 proposamenak ez dira onartu.
Hala jakinarazi dute astelehen honetan Juan Karlos Izagirre alkateak, Axier Jaka Partaidetza zinegotziak eta Amaia Agirreolea Partaidetza zuzendariak. Guztira, prozesu honetan eta beste prozesu parte hartzaileetan herritarrek egindako eskaerei erantzuteko 16.700.000 euro izango dira 2015erako aurrekontuetan.
Halaber, Tokiko Gobernu Batzordeak ostiralean onartutako 2015erako aurrekontu proiektua hiritarrei aurkeztuko dietela ere jakinarazi dute. Lehenik, Auzo Elkarte Bilgunearekin elkartuko dira astelehen honetan, arratsaldeko 19:00etan, eta urtarrilean, 7tik 17ra, auzo eta herrietan azalduko dituzte aurrekontuok.
Izagirrek azaldu duenez, "politika egiteko eredu baten erakusle dira aurrekontu parte hartzaileak, behetik gorako ereduaren erakusle. Herritarrek lehentasunak ezarri eta erabaki publikoak hartzea ezinbestekoa da. Parte hartzea hiri hobea eraikitzeko bidea ere bada". Gainera, Donostiako alkatearen esanetan, "Gobernuak herritarrei etenik gabe eman behar die kontu, eta ez soilik lau urtean behin".
www.auzoetaherriak.donostia.org web orrialdean kontsulta daiteke auzo edo herri bakoitzean zein proposamen egin dituzten herritarrek eta zein erantzun eman dien Udalak proposamen horiei.